Nøgen eta 'Ikimilikiliklik Vol. 2', XII. Loraldia Festibalean

Bizkaie! 2025-12-17 09:35   Kulturea

Sarrerak, gaur, hilak 17, jarriko dira salgai hemen.

Loraldiak, euskal kulturearen industria eta sormena sustatzen dauen proiektuak, etorkizunera begira jarri dau haren iparrorratza. Halanda ze, Loraldiaren ekosistemea osotzen daben eragileek (erakundeak, babesleak, sortzaileak, bidelagunak, enpresak eta komunidadea) topaketa berezia egin dabe. Helburua argia zan: eregitakoaz hausnartzea eta datorren udabarrian helduko dan festibalaren ateak edegitea.

Ekitaldiak informazinoa eta gozamen artistikoa buztartu ditu, Janus Lesterren kontzertuaren eskutik. Hori gitxi balitz, 2026ko Loraldia Festibaleko sarreren salmentea edegi dabe.

2025eko Loraldia Festibala

Ekitaldian zehar, aurtengo urteak emondako uztearen errepasoa egin zan. Loraldiak erakutsi dau jaialdi bat baino askoz gehiago dala, izan be, eragin-eremua edegi dau ondoko arlo honeetan:

  1. 1. Festibala: sormen garaikidearen erakusleiho nagusia izaten jarraitu dau, Bilbon eta martian.
  2. 2. Eskolea: hezkuntzan transmisinoa bermatuz eta ikasleak sortzaile konbertiduz.
  3. 3. Produkzinoak: euskerazko sormen propioa produziduz eta estreinauz.
  4. 4. Plaza: Bilboko festibalaren esperientzia arrakastatsua Euskal Herriko beste herri batzuetara eroanez.
  5. 5. Gaztea: talentu barriak eta etorkizuneko ahotsak sustatzeko eta trebakuntza eskaintzeko lan-lerroa.
  6. 6. Digitala: euskal kulturea ingurune digitalean eta formatu barrietan hedatzeko.
  7. 7. Lorazainak: kulturzaleen eta euskalzaleen komunidadea sendotuz eta saretuz.

2026ko Loraldia Festibala

Topaketearen momentu hunkigarriena 2026ko edizinoaren aurrerapenagaz heldu da. Baga, biga, higa, maurizia! izenpean, Loraldia Festibala martiaren 9tik 28ra bitartean bueltako da Bilbora hamabigarrenez, euskal kulturearen proposamenik barritzaileenak plazaratzeko asmoz. 

Guztira, 25 proposamen eta 29 ekintza egingo dira. Programazinoari jagokonez, musikea, jantzea, teatroa, esperientzia digitalak, zinea, literaturea, bertsolaritzea, naturatik ibilbidea eta sartze-esperientziak izango dira.

Datorren urteko egitarauan, besteak beste, Nøgen taldeak 10. urteurrena egingo dau edota Ikimilikiliklik Vol. 2, Loraldiaren produkzino barria, nabarmenduko dira. Betiko lez, diziplinen buztarketeaz gan, hainbat belaunaldietako sortzaileak batuko ditue, Bilboko kultur gune eta areto garrantzitsuenetara helduko dira eta arriskuak hartuko ditue kultur proposamen barritzaileak aurkeztuz.

Atontzaileek nabarmendu dauenez, gure helburua ikusleak harritzea da, euskeratik eta sormenetik hasita. Janus Lesterren kontzertuak ondo erakusten dau gura dogun espiritua: freskurea, kalidadea eta konexinoa.

Loraldia Festibaleko ekintza gehienetarako sarrerak gaurtik aurrera, abenduak 17, eskuragarri dagoz hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu