Kriskitin Jantza Taldeak atondutako Durangon Folk abenduaren 20an izango da
2025-12-16 08:34 KultureaElgoibarko Haritz Euskal Jantzari Taldeak be parte hartuko dau.
%20Instagram_content.png)
Krikitin Jantza Taldea 2000 urtean hasi zan Durangon Folk izeneko jaialdia atontzen. Aurreko urtean, 1999an Galeuzka jaialdia atondu eban. Halanda ze, Galizia eta Kataluniakoak izan ziran talde konbidauak. Aurrerago, ondoko lekuetako taldee honeek be izan dira: Menorca, Asturias, Burgos, Zaragoza, Toledo, Kantabria...
Aurreko urtean, 2024an, Iruñeko Duguna Taldea izan eben, aurton, Elgoibarko Haritz Euskal Jantzari Taldea konbidau dabe. Berezia da aurtengo taldea, izan be, Abel Iriondo Elortza elgoibartarra Haritz Euskal Jantzari Taldeko partaide izan zan Kristikineko jantzari izan aurretik. Han ikasitako hainbat jantza irakatsi zituan Durangoko taldean eta estimu handia lortu eban.
Ilusino handiz prentau daben saioa dala dinote atontzaileek. Kriskitin taldeko 110 jantzaritik gora urtengo dira oholtzara, 7 urtetik 75 urtera artekoak. Bestalde, jantzien arduradunak ez dau lan makala hartu, izan be, 188 trajetik gora prestau ditu.
- Eguna: Abenduaren 20a (zapatua).
- Lekua: San Agustin Kultur Gunea (Durango).
- Ordua: 19:00.
- Partaideak: Haritz Euskal Jantzari Taldea (Elgoibar), Kriskitin Jantza Taldea (Durango), Jaizale Txistulari Taldea (Durangaldea) eta Durangoko musikariak.
Halanda ze, Elgoibartik 26 jantzari heldu etorriko dira.
Haritz Euskal Jantzari Taldea
Haritz Euskal Jantzari Taldea Elgoibarko euskal jantzen erreferente nagusietako bat da. 1973an sortu zan, San Bartolome jaietako soka-jantzea eta herriko jantza-ohiturak bizirik eusteko helburuagaz. Urteetan zehar, belaunaldiz belaunaldi transmitidu dau euskal jantzei maitasuna, Elgoibarko kultur bizitearen parte ezinbestekoa konbertiduz. Taldeak hainbat ekitaldi eta jaialditan parte-hartzen dau, herrian bertan eta Euskal Herritik kanpo. Bestalde, 1987az geroztik Elgoibarko Nazinoarteko Folklore Jaialdia be atontzen dau.
Haritzek tradizinoa eta komunidadea buztartzen ditu, euskal jantza jagon, erakutsi eta etorkizunera eroateko konpromiso sendoagaz.
Kriskitin Jantza Taldea
Kriskitin Jantza Taldea 1986an sortu eben Durangoko Gau-txori taldeko abeslariek eta Tronperri Zaharra eta Txoritxu Alaiko jantzari nagusiek. Hainbat urtez plaza eta eszenatokietan agertu barik egon ostean barriro alkartu ziran Durangoko Euskal Jaien mendeurrenean. 1986ko urrian Kriskitin izena jartea erabagi eben eta Berrasi ikuskizuna atontze lanei ekin eutseen. Ondoren beste hainbat ikuskizun etorri ziran, esaterako: Muntxaraz, Kriskitinaren hotsa, Amillanpetik, Aup eta Akelarrea.
Horrezaz gan, Platillu soinu-jantzea errekuperau eben 1999an. Gainera, Surrandien konpartsagaz Durangoko aratusteak berreskurau zituen 2000. urtean.
Ezteguna, barriz, antxinako erara atondu dabe hainbat aldiz, baita Nazinoarteko Folklore jaialdia be.
Euskal Herriko jantzak eta Durango herriaren izena hainbat tokitara eroan dabe; Galizia, Katalunia, Burgos, Menorca, Frantzia, Grezia, Lituania eta Ameriketara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
