Euskaltzaindiak kultur ekimen ugari atondu ditu aurten Bilbon

Bizkaie! 2025-12-16 07:53   Kulturea

Udalagaz dauen hitzarmenari esker.

Juan Mari Aburto eta Andres Urrutia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbon euskerearen erabilerea sustatzea, bultzatzea, hauspotzea eta normalizetea dira Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren helburu nagusiak. Hitzamena hamarkada luze bitan norabide berean egindako alkarlanaren isla da. Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak urtero sinatzen dabe hitzarmen hori, hizkuntzearen garapenagaz eta gizarteratzeagaz daben konpromisoaren erakusgarri: Urtero sinatzen dogun hitzarmen hau estrategikoa da Euskaltzaindiarentzat, besteak beste, Bilbon euskerea hauspotzeko eta euskal kultureari lotutako ekimen erakargarriak atontzeko erabilten baitogu, adierazo dau Andres Urrutia euskaltzainburuak lankidetza-hitzarmena sinatu ostean.

Hitzarmenari esker, hizkuntza-aholkularitza zabala emoten deutso Akademiak Udalari baina, horrezaz gan, kultur ekimen ugari atontzen ditu akordioa erabiliz. Esaterako, aurten Gabriel Aresti poeta bilbotarraren heriotzearen 50. urteurrenaren harian, urtemugeagaz lotutako egitarau zabala atonu dau Euskaltzaindiak, alkarte eta herri-erakundeakaz batera. Bagilean hasita gaurdaino, askotarikoak izan dira Akademiak atondutako egitasmoak, tartean, Udalak lagundu dituanak: EHUko Uda Ikastaroen barruan, Gabriel Aresti 1975-2025 uda ikastaroa; Guggenheimen, Aresti Gogoan musika emonaldia, Bilboko Koral Alkarteagaz lankidetzan; Gabriel Arestiren mandatua liburua argitaratzea (Gabriel Aresti Kultura Alkarteagaz batera); Euskal idazleak G. Arestiren ispiluan barrena literatura-jardunaldia eta Galda bildumearen aurkezpena, Mikel Martinezen antzerki-saioa eta Eñaut Elorrietaren musika-ikuskizuna.

Horrezaz gan, urrian euskerearen arloan Bizkaiko uriburuan lanean dabizen euskera irakasle, euskera teknikari, itzultzaile, trebatzaile eta arduradun politikoen prestakuntzea hobetzeko, euskerearen ahoskereari buruzko prestakuntza-saio bat eskaini da, eta zezeilean, Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren zazpigarren edizinoa atondu dau Akademiak, ohikoa dauen legez, Bilboko Zazpikaleetako eragileakaz batera (Tartean, 7Katu Gaztetxea eta Bira Kultura). Holan, zortzi ikuskizun eskaini dira zezeilaren 6an, 13an, 20an eta 27an. Formatu txikiko lanak erakusten dira Lautan Hirun, gazteen artean sormena, euskerearen erabilerea eta euskerazko kultur konsumoa indartzeko. Bestetik, euskerazko antzerki sorkuntzea zein produkzinoa sustatzeko laguntza berezia emon da bosgarren aldiz, azken hau be Udalaren laguntzaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu