Abenduak 15, gaur 30 urte bete dira Kafe Antzokiak ateak zabaldu zituanetik Bilbon
2025-12-15 13:17 KultureaBadira 30 urte Gabriel Aresti euskaltegia eta Zenbat Gara alkartearen gainerako jarduerak hasi zirala lanean.
Egunotan ospatzen gabiz efemeridea, atzo hasita, izan be, urteotan Zenbat Garan ibilitako ehunka lagunen arteko topaketea egin genduan domekan, eguerdian hasita, fanfarreak, txistulariak eta trikitilariak lagunduta, Zazpikaleetan zehar. Gero Abandora igon eta Kafe Antzokian bazkari ederra izan genduan. Ondoren Argia Dantza taldearen Saioa eta Urbeltzen Dantza Ganbara etorri ziran; eta gaur, hilak 15, Errobi taldearen kontzertua eta eguazten arratsaldean kantagintza saio berezia izango dogu, Anje Duhalde eta Josu Zabalak gidatuta.
1990eko hamarkada hasieran, Gabriel Aresti euskaltegiko irakasleen egiaztapen eta gogoetatik sortu zan helduen euskalduntzeaz harago joatearen beharrizana, helduak Bilboko euskaltegietan euskaldundu arren, gero ez ebelako non-noiz-nogaz euskeraz jardun, alkarrizketa egoera errealetan. Hori izan zan Zenbat Gararen abiaburua: Bilbon euskeraz, modu naturalean hartu-emonak izateko guneak eta momentuak sortzea. Bilboko erdigunean gainera, euskerarako arrotza eta euskaldunari arrotza egiten jakon ingurunean kokatu zan euskereari zentraltasuna eta duintasuna emon nahi eutson alkartea.
Holan sortu zan Kafe Antzokia, 1995ean, aurreko urtean Algara konparsea sortu ondoren, eta holan heldu ziran osteko beste batzuk be, Bilbo Hiria Irratia, Erroa argitaletxea eta ume eta gazteentzako Kurkuluxetan eta Gazteola ekimenak, behinenak aitatzearren. Danak, bakotxa bere arloan, baina helburu berberen inguruan: Bilbon bizi dan euskal komunidadea batu eta sendotzea, ikasleak eta ikasitakoak berbaldun guztiak hiztun aktibo eta euskal sorkuntzaren hartzaile eta eragile bihurtzea.
Urte honeetan guztietan euskerearen etxe bilakatu da geurea, bai Gabriel Arestik inoan lez -euskereak bizi gaitu-, baina euskerea bizirik dagoan arnasguneaz gan, kaleak, auzoak behar ditu euskereak, Zorrotzatik Otxarkoagara, San Inaziotik Boluetara. Egunotan gabiz, han eta hemen, azaltzen eta aldarrikatzen, euskereak zabalkundea eta errespetua behar dituala Bilbon, auzo guztietan, arlo guztietan. Hori da gure kezka handia, egun, Bilbon euskaldun moduan bizitea zinezko odisea baita.
Alkarte gazteari eustea da gure beste arduretako bat, ezinbesteko ikusten baitogu, beste 30 urtez iraungo badau, erreleboa eta transmisinoa behar bezela egitea. Horretan gabiz, baita etorkizunari begirako beste ekimen batzuk atontzen be. Oraina eta etorkizuna dira garrantzitsuenak momento honetan, baina noizean behin joandakoari begitutea be ondo dago, nondik gatozen ikusteko eta bizirik gagozala ospatzeko. Horregaitik erabili dogu efemeridea Zenbat Gararen osotasuna eta aniztasuna mahai-gainean jarrita, etxe honen bueltan urteotan ibili garenok batu, bidean joan jakuzana gogoratu eta 30 urteak ospatzeko, beste horrenbeste beteteko gogoz.
Biba gu, urte askotarako!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
