'Txillarreko sukaldaria' filmak Ikusleen Saria irabazi dau

Bizkaie! 2025-12-15 09:39   Zinemea

 IV. Oreretako Giza Eskubideen Zinemaldian.

Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren Jaialdiak haren laugarren edizinoari amaierea emon deutso, abenduaren 9tik 14ra bitartean egin dana, Niessen Zinemetan egindako sari-banaketeagaz. Sei egunez, jaialdiak giza eskubideekaz konprometidutako begiradetatik gizarte-errealidade ugari lantzen dituen dokumentalak batu ditu Errenterian. Ekitaldia Ozzinemak atondu dau, Errenteriako Udaleko Kultur Aniztasuna, Garapenerako Lankidetza eta Giza Eskubideak Sailaren babes eta finantzaketeagaz.

Ikusleen Sariak, proiekzinoetara joan diran ikusleek erabagita, holan banatu dira:

  • Film onenaren Ikusleen Saria: Txillarreko sukaldaria (Asier Ibaibarriaga eta Edurne San Martín).
  • Film labur onenaren Ikusleen Saria: Orain zer? (Ainhoa Urgoitia).

Epaimahai ofiziala, Asier Urbieta zinemagileak, Oneyda Sáenz kazetari eta ekintzaileak, Maitena Salinas komunikatzaile eta aktoreak eta Paty Ortiz lankidetza eta giza eskubideetan adituak osotua, Epaimahaiaren Aitamen Berezia emon deutso Cara de bicicleta lanari, Amaia Nerekan eta Itziar Zorita zuzendariena, genero-estereotipoak dudan jarri eta emakumeen askatasuna uri eta kirol espazioetan aldarrikatzen dauen ikus-entzunezko saiakereari.

Jaialdiko Sari Nagusia Fortes, ensemble! filmak irabazi dau, Fred Prat zuzendariarena, indar kolektiboa, sororidadea eta komunidade-erresilientzia lantzen dituan proposamena. Edizinoa lehiaketatik kanpoko In Retrospect filmearen proiekzinoagaz osotu da, Mila Zhluktenko eta Daniel Asadi zuzendariena, artxibo-irudien bidez Alemanian arrazakeriak dauen jarraikortasunari eta indarkeria errepiketan dan lekuen memoriari buruzko hausnarketa proponiduten dauen lana.

Amaiera horregaz, jaialdiak berretsi egiten dau zinema dokumentalaren eta giza eskubideen inguruko topagune bezela dauen eginkizuna, Giza Eskubideen Nazinoarteko Egunaren bueltako datetan Errenteriako kultur eta gizarte-bizitean txertatuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu