Landartek arrakasta handiz zarratu ditu garaikide kolaboratiboko bost prozesuak
2025-12-12 09:46 KultureaOndoko bost herrietan jorratu dira: Arbontze, Bargota, Garde, Melida eta Puiu.
Landarte programea bost herri txikitan lantzen da. Bertan, Nafarroan bizi diran sortzaileek sorkuntza garaikideko partaidetza-prozesuak gauzatu ditue. Landarte Kultura Zuzendaritza Nagusiak – Vianako Printzea Erakundeak atonduta, landa eremutik sorkuntza garaikidea sustatzeko programea da.
2025eko edizinoan, prozesuak hartu dituan bost udalerriak ondoko honeek izan dira: Arbontze, Bargota, Garde, Melida eta Puiu. Sortzaileak, barriz, ondokoak: Ioana Hernandez Arriaga (Arbontze), Marta Elia Aldave (Bargota), Asier Gogortza (Garde), Jara Calvo (Melida) eta Carmen Parrado Gil (Puiu).
Nafarroako Gobernuko Kulturako zuzendari nagusi Ignacio Apezteguiak eta programako bitartekari Anne Ibañezek eta Marc Badalek 9. edizinoko balantzea aurkeztu dabe Nafarroako Museoan. Apezteguiak adierazo dauanez, landa-eremuan kultura aktibetako helburuak bete dira, arte-sorkuntza kolaboratiboaren bidez, artea erabiliz tokiko komunidadea indartzeko eta biztanleak ahalduntzeko tresna bezela. Sortzaileen konpromiso sendoa eta ahalegin handia egiaztau dogu. Programearen metodologia gero eta finkatuago dagoala konturatu gara: denporak, bitartekaritza-prozesuak, hartu-emonak eta laguntza kolektiboa oso eraginkorrak izan dira.
Bestalde, Ibañezek eta Badalek nabarmendu dabenez, aurten hiru proiektu dagoz lurralde-dimensinora oso lotuta: buztinak, ziertzoa eta intxaurrondoak. Baita eduki sozial handiko beste proiektu bi be. Gainera, gure eretxiz proiektu horreetako batzuek, modu batera edo bestera, Landarteren esparrua gaindituko daben lan arloak edegi ditue, lurraldeari buruzko sensibilidade eta lankidetza sare barriak sortuz.
Programearen prozesua
Landarte 2025ko urtarrilean hasi zan. Talde koordinatzaileak bost herri eta beste hainbeste artista aukeratu zituan. Sortzaile bakotxak herrian egin beharreko esplorazino-fasea bagilean eta garagarrilean landu eban, programearen zati hori hartzen dabizen garrantziari erreparauta. Esplorazinoaren ondoren, proiektuak abuztutik abendura bitartean egin dira.
Bost proiektu
Arbontzen, zeramikea lantzen dauen Iona Hernandez artisteak tokiko buztinen ezaugarri zeramikoei buruzko ikerketea planteau dau, Lurraldea eskuez behatu proiektuagaz. Haren proposamenak lurraldearen ikuspegi barria eskaini gura eban. Ekintza horrek ikerketa eta sorkuntza kolektiborako agertoki bezela aktibau dau herriko plazea.
Bargotan, Marta Elia Aldavek, Ez zazpiak baino lehen proiektuagaz, emakumeen zirkuluak jorratu ditu gaur egungo atonketan, sustrai historikoak dituen jardunbideak aztertuz. Helburua izan da gizarte hartu-emonetarako, jagoletzarako eta atonketa kolektiborako modu horreek ikusarazotea. Ikuspegi parte-hartzaileak aukerea emon dau udalerriko emakumeak inpliketako, esperientziak, jakintzak eta gogoetak konpartiduteko.
Garden, Asier Gogortzak Intxaurrondoak izeneko proiektua egin dau, intxaurrondoek udalerriko paisaje geografiko eta afektiboan daben garrantziaz hausnartzeko. Proposamenak joandakoa, oraina eta geroa buztartzen ditu, intxaurrondoek lekuko memoria kolektiboan itxitako errastuak ikertuz, baita zugatz-presentzia hori lurraldeagazko lotura sinboliko zelan konbertiduten dan aztertuz be.
Melidan, Jara Calvok Melidako korronteak izeneko proiektua sustatu dau, topaketarako, alkarrizketarako eta esperientzia partekaturako espazio bezela pentsautako ibilbide eszeniko kolektiboa. Hainbat formaturen bidez (idazketea, ahotsa, ibilbidea, memoria), proiektuak narratiba kolektiboa sortu gura dau lekuaren eta bertako biztanleen inguruan, istorio, identidade eta hartu-emonak ikusarazoz.
Puiun, Carmen Parrado Gil diseinatzaile eta sortzaileak Ziertzoa Puiun izeneko proiektua jorratu dau. Horretan aztertzen da ziertzoak zelan zeharkatzen eta konfiguretan dituan egunerokotasuna, paisajea, sensazinoak eta tokiko memoria. Proposamen horrek inguruneari, bertako dinamikei, zaurgarritasunari eta aukerei buruzko hausnarketa kolektiboa aktibetea lortu dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
