Jon lturregi Martinek irabazi dau 'Oroiminaren hirietan aldaroka' lanari esker
2025-12-11 07:54 KultureaGaztelaniaz, Josefina Aguilar Recuencok irabazi dau saria, Solo soy quien nada lanagaitik.
Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan banatu ziran bart, 18. Blas de Otero-Ángela Figuera Poesia Sariaren eta 26. Miguel de Unamuno Saiakera sariak.
Bilboko Udalak urtero atontzen dituan Poesia eta Saiakera literatura-sari horreen helburua da izena emoten deutsen idazle bilbotarren eta idazlearen gomutea jagotea eta euren lana zabaltzea. Aldi berean, literatur sorkuntzea eta talentu barriak sustatzen ditue, 2023-2033 Bilboko Kultura Plan Estrategikoan txertatzen dan helburua.
Ekitaldian Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotzia izan da buru, Udalbatzako beste ordezkari batzuekazin, sarituakaz eta deialdi bietako epaimahaikideakaz batera.
Sari banaketan, Udane Goikoetxeak ahotsa jarri eutsen Miguel de Unamunok, Angela Figuerak eta Blas de Oterok idatzitako testuetako batzuei. Era berean, Matxalen Ercillak zenbait pieza musikal interpretau zituan biolontxeloz.
Blas de Otero-Ángela Figuera Poesía Lehiaketea
Aurten ia 1.000 lan aurkeztu dira. Euskal Herritik, Estadutik, Europatik, Amerikatik, Asiatik eta Afrikatik etorritako autoreek parte hartu dabe. Argentinatik (73), Kolonbiatik (55) edo Mexikotik (43) heldutako lanak nabarmentzen dira, baita Txinatik aurkeztutako lan bi be, hiru Estatu Batuetakoak edo bost Marokokoak.
Zehatz, 975 lan aurkeztu dira gaztelaniaz, igaz baino ia 30 gehiago, eta 21 euskeraz.
Lehiaketa literatur arloan bere zorroztasun eta inpartzialtasunagaitik ondoen balorautako bat da eta aurten aurkeztutako lanen mailea bere aniztasun tematiko eta estilistikoagaitik nabarmendu da, korronte klasikoenen zein azken joera eta abangoardia poetikoen adibideakaz.
Gaztelaniazko modalidadean saritua Josefina Aguilar Recuenco izan da, Solo soy quien nada lanagaitik. Almeriarra Argazkigintzako irakaslea da Bigarren Hezkuntzako institutu batean, eta ibilbide literario emonkorra dau.
Beste alde batetik, Jon lturregi Martinek irabazi dau euskerazko saria, Oroiminaren hirietan aldaroka lanagaitik. Epaimahaiak azpimarratu dauenez, literatur erreferentziak underground kulturako erreferenteakaz modu originalean harilkatzen dira, kanpoko mundua eta horrek egilearen barruan dituan ondorioak ironiaz buztartuz.
Sariak 5.500 eurokoak dira modalidade bakotxeko eta ondoren argitaratu egingo dira.
Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketea
Aurten 174 lan aurkeztu dira, aurreko edizinoan baino 18 gehiago. Horreetatik 168 gaztelaniaz idatzita dagoz eta 6 euskeraz. Horreetatik guztietatik, epaimahaiak bere maila altua nabarmendu dau. Kasu honetan Euskaditik etorritako 33 lanak nabarmentzen dira eta 15 Argentinatik etorritakoak.
Ginés Cutillas Cuenca, Aprender a mirar. Cómo reinterpretar nuestro mundo lanagaitik izan da irabazlea gaztelaniazko modalidadean.
Euskeraz, 6 saiakera aurkeztu dira eta Joxe Manuel Odriozolak irabazi dau saria, Heriotzak bizi gaitu lanagaitik.
Kasu honetan, egile biek 6.000 euroko saria jasoko dabe eta euren saiakerak argitaratu egingo dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
