Ume, Nerabe eta Gazteen Kontseilua martxan jarri dabe Bermeon

Bizkaie! 2025-12-10 11:17   Kulturea

Gazteleku barriaren inguruko erabagietan parte hartuko dabe.

Bermeoko Udalak Ume, Nerabe eta Gazteen Partaidetzarako Tokiko Kontseilua sortu eta osotu dau, udalerriko ume eta nerabeek euren eretxiak, proposamenak eta ekarpenak helarazoteko aukerea izango daben parte-hartze gunea martxan jarriz. Gaur egin dabe lehen osoko bilkurea, eta hemendik aurrera hilean behin batuko dira; ikasturtearen amaieran, bagilean, egingo dabe bigarren osoko bilkura nagusia, ikasturtean zehar Gazteleku barriari buruz landutakoa Bermeoko alkateari eta zinegotziei aurkezteko.

Lehen bilkura hau Kontseilua osotzeko eta alkar ezagutzeko izan da eta bertan Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak eskerrak emon deutsee gazteei parte hartzeko prest agertu diralako: eskerrak emon, besterik ez, Gazte Kontseiluan parte hartzeko boluntario agertu zarielako eta Bermeo hobetzeko proposamenak egiteko prest egoteagaitik. Era berean, parte-hartzea herritarren ondoizateagaz lotu dau: uri bat lagunkoiagoa danean eta umeak hobeto artatzen dituanean, onena da bertako biztanle guztientzat.

Gazte Kontseilua 14 ikaslek osotzen dabe: Eleizalde Ikastolako, Sagrado Corazon ikastetxeko eta Bermeoko Institutuko DBH 1. eta 2. mailako gazteek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu