Argazkinetak San Adriango historiaren 1.400 dokumentu inguru jaso ditu
2025-12-10 10:13 KultureaHautaketa bat ezagutzera emongo dabe abenduaren 16an Argazkineta Show berezian.
Bilboko Udalak, ondarea zabaltzeko Bilbao Izan udal-programearen barruan, Argazkineta ekimenak batutako materialen zati bat konpartiduko dau San Adrian auzoko bizilagunakaz. Ekitaldia abenduaren 16an izango da, Lourdesko Andre Mariaren eta San Adrianen eleizan, 19:00retatik aurrera. Argazkineta Show saiorako sarrera librea eta dobakoa izango da lekua bete arte.
Argazkineta auzotarrek parte hartzeko ekimena da, auzoen oraintsuko historia berreregitea eta sakontzea helburu dauena, dokumentazinoa eta uriko auzoetako bizilagunek emon leikiezan lekukotzak batuz.
Urriaren erdialdetik zemendiaren hasierara arte jarri zan martxan proiektuaren zazpigarren edizinoa, oraingo honetan San Adrianen oinarrituko da. Bilboko auzo horretara hurbiltzen zan furgonetea, bertako bizilagunak gonbidetako euren gomutak eta bizipenak -2000. urtearen aurrekoak- konpartidu eta euren historia eta nortasuna hobeto ezagutzen laguntzeko.
Erantzuna oso positiboa izan da parte-hartze maila handiagaitik, izan be, 80 personak materialak emon ditue, 200 furgonetara joan dira eta 29 testigantzak eta gomutak jasoteko grabautako alkarrizketetara joan dira.
Batutako materialen artean, 1.400 artxibo inguru digitalizau dira, batez be argazkiak eta 3 Super 8 bideo, uriko udal artxiboen parte izango diranak.
2025. edizino honetan, nabarmentzekoa da San Adrian bere memoria historikoa berreskuratzen eta transmitiduten buru-belarri dabilen auzoa dala, izan be, auzotarrak asko inplikau dira eta planteautako ekimen guztietan izan dira.
Irudiak eta personak izango dira protagonista Ugaitz Alegria aktore, zuzendari eta aurkezleak aurkeztuko dauen ekitaldian. Topaketa dibertigarria, parte-hartzailea eta atsegina izango da, eta auzoan egon zan bitartean ibilgailura hurbildu ziran pertsona guztiek transmitidutako argazkiak, bideoak, gomutak eta bizipenak proiektauko dira
Argazkineta Show elebiduna izango da
Topaketea osorik grabau eta 2026ko urtarrilaren bigarren hamabostalditik aurrera, online egongo da eskuragarri Bilbao Kulturako YouTube kanalean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
