'Gabriel Arestiren Mandatua', Bilboko idazlearen ekarria jorratzen dauena
2025-12-09 08:41 KultureaAurten 50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zala.

Urteurrena atxaki, egitarau oparoa atondu dau Euskaltzaindiak idazlearen urian, XX. mendeko euskal idazle barritzaileenetako bat izan zana omentzeko eta beronen ekarria goresteko. Euskaltzaindiak Euskal Herriko Unibersidadeagaz (EHU), Gabriel Aresti Kultura Alkarteagaz eta Bilboko Koral Alkarteagaz alkarlanean atonduta dator, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, EITB eta BBK Fundazinoaren babesa dauela.
Bagilean ekin eutsen egitarauari eta ordutik argitalpen bi ondu dira idazle bilbotarraren omenez. Bagilean bertan, Gabriel Arestik ereindakoak liburua argitaratu eben, EHUko Gabriel Aresti Katedreagaz batera eta zemendian Galda aldizkaria banatu eban Euskaltzaindiak Gabrielen ispiluetan barrena jardunaldian.
Euskaltzaindiak hirugarren argitalpen bat aurkeztu dau Durangoko Azokan, Gabriel Aresti Kultura Alkarteagaz batera. Agerpenean parte hartu dabe Miren Agur Meabe idazle eta Euskaltzaindiko idazkariak eta Xabier Monasterio Gabriel Aresti Kultura Alkarteko kideak. Azken honek koordinau dau argitalpen korala, Arestiren ekarria diziplina askotatik begiratuz aztertu baita bertan: gaur egungo hamar sortzaileren gidaritzapean, joandako denporei baino arabere gehiago, geroari erreparetan deutson argitalpena da, aurreratu dau Xabier Monasteriok Azokako Talaia espazioan. Gabriel Aresti poeta soziala izan zala dinoe eskuliburuek -gaineratu dau Monasteriok-, baina guk badakigu hori baino askoz gehiago izan zala. Zeozelan definidu beharko bageunke, Aresti aurrendari ausarta eta bide urratzaile bikaina izan zala esango neuke nik. Herriaren mandatua sentidu eban bere barruan eta mailuaren eta biolearen bidez politika, gizarte, kultura eta identidade gaietan ikusten zituan bakotasunak beteten eta akatsak zuzentzen ahalegindu zan. Eta buru- belarri lotu jakon euskerearen eta euskal komunidadearen humusa berrosotzeko beharrezko ziran arloak lantzeari, euskerea, literaturea, gizartea, urigintzea, bertsolaritzea, itzulpengintzea, artea, antzerkigintzea, gazteria eta kazetaritza landu zituan. Horra Gabriel Arestiren interesgune nagusietako batzuk, beste zenbaitzugaz batera bere obrearen hazurdurea osotzen lagundu eutsenak eta, beraz mende erdiaren efemeridea atxaki eta Arestiren interesguneek gaurkotasunik galdu ez dabela pentsauta, gaur egungo hamar sortzaile arestizalerengana jo dogu, zeinek bere arlotik eta bere erara, Gabrielek herriarengandik jaso eban mandatua aztertzeko gure egunetara etorrita, mandatu hori zertan dan adierazoteko, azpimarratu dau liburuaren koordinatzaileak.
Liburuak hamar saiakera labur jasoten ditu, beste horrenbeste adituk idatzitakoak: Euskerea (Eneko Bidegain); Literaturea (Irati Jimenez); Gizartea (Sonia Gonzalez); Antzerkigintzea (Oier Guillan); Urigintzea (Ula Iruretagoiena); Artea (Xabier Gantzarain); Kazetaritzea (Goizalde Landabaso); Bertsolaritzea (Iruri Altzerreka); Gazteria (Hedoi Etxarte); Itzulpengintzea (Aiora
Jaka).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
