Milaka eta milaka bisitarik Durangoko Azokea Kulturearen Jaialdi bihurtu dabe

Bizkaie! 2025-12-09 08:01   Kulturea

Euskal kulturea hauspotzea izan da asmoa.

Siadeco ikerketa etxeak 2024an Durangoko Azokearen inguruan eginiko ikerketako datuetan daborduko euskal kulturgintzan zabalik egozan hainbat uste baieztatzeko aukerea emon deuske, besteak beste, azokara hurbiltzen diran bisitarien gehiengo zabal batek, euskerazko sorkuntzea hauspotzeko eta sortzaileen lana bultzatzeko asmoz egiten dauela. Beraz, pozik esan geinke, 60. urteko ibilbidea borobildu dauen edizio zoragarri honek, ikerketa horretan bertan kaleratutako ondorioak berretsi dituala.

Bisitari fidelak ditu Durangoko Azokeak, % 90ek urtero egiten dabe bisitea, eta bisitari barriak be jasoten ditu edizio bakotxean. 60. edizio hau, horren adibide izan da. Durango Azokea oso jentetsua izan da lau egunetan eta, beraz, Azokeak bizi duen egoerea osasuntsua da. 60 urteren ostean, bizi-bizi dago eta ibilbide luzea izan arren, gaztetuta dagoala erantsi geinke, izan be, bisitarien bi heren 45 urtetik azpikoak dira. Edade eta izaera anitzeko bisitariak ditugu azken urteetan egindako egokitzapenei esker; arnas luzeko eredu arrakastatsu baten aurrean gagozan seinale.

Horren harian, gazteei Durangoko Azokarako deia egiteko ekimen biren garrantzia azpimarratzekoa da: Ikasle Goiza eta Gazte Eztanda. Batetik, ikasleei bideratutako egunak kultur transmisinoak dauen balioa erakutsi eban, baita hezkuntza zentroek Kulturearen Jaialdian parte hartzeko daben nahia be. Euskal Herri osoko hainbat ikastetxetako milaka ikasle heldu ziran Azokearen edegiera egunean, autobusez (160) zein trenez. Lehen ordutik ikasle eta irakasleei bideratutako saioak sano arrakastatsuak izan ziran eta gazteenei bere azokaz gozetako aukerea emon geuntsen.

Bestetik, zapatuan, Gazte Eztanda eguna izan zan. Beste urte batez, Durangoko Azokatik gazteei begirako apustua indartu eta eurei begirako egitaraua eregi eben atontzaileek. Agirikoa da emoitza, gazteen presentzia handia izan baitzan egun osoan zehar.

Beste ade atetik, aurten gune barri bi edegitea erabagi dogu. Ez urteurren borobil bateko nobedade bezela, etorkizunera begirako apustu legez baino. Batetik, Berbagailua estreinau dogu, gaur egun euskeraz produziduten diran bideopodcastak grabetako. Bestetik, Atartea gunean be, oro har balorazino oso positiboa egin dabe. Durangoko Arte eta Historia museoa lehenago be ezaguna zan azokako hainbat aurkezpen bertan egin izan diralako. Aurten, arte ederrei zuzendutako gunearen izaeera hartu dau, eta harrera ederra izan dabe ikustratzaileen erakusketa eta aurkezpenek, zein Irati Bazetaren Harien Isla erakusketeak.

Aurten Kulturaren Jaialdia lerroburua emon deutsagu Durangoko Azokeari, hamarkadatik gora daroagulak kulturea bere forma guztietan erakusteko ahaleginean. Bai erakustazokak, bai guneek, bai kultur eskaintzea ordutegi guztietara zabaltzeak izan daben harrerea ikusita, Kulturearen Jaialdi izaerea finkatu egin da, datozen urteetarako bidea erakutsiz.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu