'Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak' proiektuak jaso dau aurtengo Sormen Bekea

Bizkaie! 2025-12-08 12:10   Kulturea

Proiketu kolektiboa da aurtengo Sormen Bekaren irabazlea: Ainhoa Olaso, Usue Egia eta Mikel Urdangarin, berorren tesia ezagutu ostean.

Durangoko Azokako 60. edizinoko Sormen Bekako irabazleak saritzeko prentsaurrekoa egin dabe gaur Ahotsenea Literaturan. Bertan, irabazleakaz batera, Gotzon Gomez Gerediaga alkarteko presidentea, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea eta Unai Iturriaga irabazlea hautatzeko epaimahiko kidea izan dira. 

Aurtengo Sormen Beka Komiki lanetara bideratu da. Guztira Sormen Bekara hamabi lan aurkeztu dira, oso estilo eta tematika ugari aztergai (umeei bideratutako komikiak, manga, zientzia fikzinokoak, umorezkoak, historikoak,...). Horreen artean, Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak lana aukeratu dau epaimahiak. Komiki horren bitartez Joxe Azurmendi eta zenbait autore feministaren arteko (Angela Davis, Simone Weil, Vandana Shiva, Jule Goikoetxea...) alkarrizketa fikzionauko dabe. Krisietatik bilaketetara, gizaberetxo horreen ezinegon, galdera eta gogoetak landuko dira, alkarren arteko zubiak eregiz eta alkar aberastuz. 

Euskal Herriko eta munduko bazter zein egoera ugaritan kokatuko dira autoreok, euren bizitzako pasarte esanguratsu batzuk ezagutarazoz, euren pentsamentua azalduz eta gaur egun indartsu dabizan gizarte-auziak jorratuz. Pasarte asko collage modura josita, tonu umoretsu, jostari eta zorrotza izango da nagusi.

Proiketu kolektiboa da aurtengo Sormen Bekearen irabazlea, izan be, Ainhoa Olaso, Usue Egia eta Mikel Urdangarin, berorren tesia ezagutu ostean, hiruren arteko alkarlanari ekin eutsen. Egiak marrazkiak eta Olasok gidoia egingo dau. Holan, batez bere Azurmendik Davisegaz egin zituan loturetan zentrauko dira.

Sinopsia

Joxe Arantzazuko Santutegian ikasle dabilela, aita hilten jako lan istripu batean. Fedea auzitan jartean, bizitzako zimenduak jausiko jakoz eta bizitearen zentzunaren bila hasiko da; hortxe bertan, Dynamite Hillen (AEB) arrazializautako familien kontrako bonba-erasoen ondotik, Angela Davis burruka anti-arrazistan aktibau eta bere ibilbide politikoari ekingo deutso. Pertsonaia bi horrek munduko txoko askotan batzen joango dira, bidean hainbat gizaberetxogaz topez eginez.

Epaimahaia

Epaimahaikideak ondokoak  izan dira aurten: Unai Iturriaga, Esti Albizu, Ainara Azpiazu "Axpi", Adur Larrea eta Garazi Arrula. Adierazi dutenez, Joxe Azurmendiri buruzko lana aukeratu dute, besteak beste, proiektu anbizinotsua dalako.

Euskal pentsalari handi bat (gizonezkoa bera) bere garaiko mundu mailako pentsalari feministekin elkarrizketan jartzen duelako ezohiko formatu baten bitartez, komikiaren lengoaiaren bitartez, hain zuen ere. Bestetik, hain seriotzat hartu ohi den mundu intelektuala umoretik eta jarrera jostari batekin lantzeko asmoa ere baloratu dugu. Orijinala da gaia eta tonua uztartzeko proposamena, argudiatu dute

Proiektu irabazlea, anekdota metaketa batetik harago doan arnas luzeko egitasmo bat da, hasi eta amaitu pentsamenduaren eta bizipenen gurutzatzeak harilkatuko dituena. “Alderdi grafikoari lotuta, interesgarria da formalismotik at estetika propio ez akademizista baten alde eginiko hautua, zeinak bat egin lezakeen istorioan aipatzen diren egileen jarrera intelektual ertzekoarekin” erantsi dute.

Zortzigarren beka deialdia

Gerediagak sortzaile barriei bultzadea emateko helburuz sortu eban Sormen Beka deialdia eta Durangoko Udala izan du hasieratik bidelagun, besteak beste, 15.000 euroko saria eman ahal izateko eskaintzen duen laguntzagatik. Aurten, zortzigarren edizioa izan dute eta Gotzon Gomez Gerediagako presidenteak adierazi du sortzaile berrien bidelagun izateko nahiari bide ematen jarraitzeko asmoa dutela. “Gazte jende asko nabaritzen genuen, arlo ezberdinetan, sortzeko gogoarekin, euskaraz eta euskaratik gainera. Eta horren erakusleiho baino gehiago izan nahi genuen”, bere esanetan. 

Atopia rol jokoen egitasmoa izan zen lehen bekaduna, eta geroztik Kai Nakairen diskoa, Bañolet ikus-entzunezkoa, Ibai Aizpuruaren Barraka bideojokoa, Jon Ander Urrestiren Eukalyptus antzezlana, Marramiau sorkuntza taldearen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesaila eta Irati Bazetaren Harien isla erakusketa saritu dituzte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu