Alberto Mielgok eta Pedro Guallarrek edegiko dabe Getxoko V. Gabonetako Organo-Zikloa

Bizkaie! 2025-12-04 08:06   Musikea

Kontzertuak abenduaren 20, 26 eta 30ean izango dira.

Algortako Merklin Organoaren Lagunak-AMOMA Alkarteak V. Gabonetako Organo-Zikloa atondu dau. Kontzertuak abenduaren 20, 26 eta 30an izango dira, Algortako San Nikolas Barikoa parrokian, 20:00etan. Sartzea doban izango da.

Ekimenaren helburua Gabonetako egun horreek aprobetxatzea da, aldarrikatzeko Bariko San Nikolas parrokiako organoaren kalidadea eta eskaintzen dituan aukerak. Kalitdadeko programea izango da eta ospe handiko interpreteen esku egongo da.

Lehenengo kontzertuan, zapatuan, hilak 20, Alberto Mielgo saxofonistea eta Pedro Guallar maisu organistea ibiliko dira.

Barikuan, hilak 26, Aitor Olea organisteak joko dau. Bestalde, martitzenean, hilak 30, zarratuko dabe zikloa Xabier Andrada (bibolina) eta Andoni Andrada (organoa) anaiek.

Algortako Merklin organoa

1908an eregi eben Parisko Manufacturas de Grandes Órganos J.Merklin Cie tailerretan, Algortako San Nikolas Barikoa eleizarako. Sasoi haretan 28.500 pezetako kostua izan eban, Jose Antonio de Uriarte y Sustachak pagau ebana. 2019an, parrokiako eleiztar talde baten eta Getxoko Udalaren bultzadeari esker, Alejandro Turanzas organo-maisuak zaharbarritu ebana. Estilo erromantikoa dau, haretxezko egurrez egina dago eta barruan 1.500 hodi baino gehiago ditu eztainuzko eta berunezko aleazinoan eregiak. 56 notatik gorako eskuzko tekladu bi eta 30 notako pedalier bat ditu. Barruan hiru hauspo ditu, animalia-larruzkoak, konponketa horretan erabat barritu diranak, bai eta elikatzen dituan haizagailu elektriko isila be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu