Antzerkia, tailerrak eta sensibilizazino jarduerak ugari
2025-11-21 13:40Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazoteko Nazinoarteko Egunean.
Zemendiaren 25ean Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazoteko Nazinoarteko Eguna dala eta, Getxoko Udalak hainbat jarduera atondu ditu indarkeria matxistak ikusarazo, hausnartu eta salatzeko helburuagaz: indarkeria matxisteak izaera estrukturala eta komunitarioa dau eta, horregaitik garrantzitsua da babes-sareak eta sare komunitarioak bultzatzea eta babestea, izan be, sare horreek oinarrizko zeregina dabe indarkeria-mueta horri aurre egiten deutsenean eta sufriduten daben emakumeen prebentzinorako, berreskurapenerako eta konponketarako, nabarmendu dau Amaia Aguirre alkateak.
Atondutako jardueretan hainbat errealidade konpartidu eta hausnartzeko aukerea egongo da: indarkeria matxisteak emakume eta neskato gehiegiren bizitzan eragiten jarraitzen dabe. Erakunde lez, gure betebeharra da argia, baliabideak eta laguntzea jartea lehen isiltasuna egoen lekuan. Zemendiaren 25ean, beste ahultasun-egoera batzuk bizi dituen emakumeakan jarriko dogu arretea eta, holan, Getxo segurua, bardintasunezkoa eta indarkeriarik bakoa eregitek konpromisoa berresten dogu, nabarmendu dau Carmen Díaz Gizarte Kohesinoko zinegotziak.
Gurari Emakumeen Etxean egingo diran jardueren artean, hilaren 23an, domekan, arratsaldeko 17:30ean, ahaldundutze feminista eta arrazakeriaren kontrako proiektua dan Warmipuran parte hartzen daben emakume migratzaileen eskubideak eta burrukak ardatz dituan Transformación-sanación migrante izenburuko dokumentala proiektauko da. Ekitaldian Mabel Medina Valenzuela zuzendariak eta dokumentaleko protagonistek parte hartuko dabe.
Bestalde, zemendiaren 26an, arratsaldeko 18:30ean, Cuerpos en resistencia haciendo frente a las violencias machistas mahai-ingurua egingo da, indarkeria matxistearen adierazpenak ikusarazo eta errealidade eta gorputz ezbardinak dituen emakumeek zelan bizi daben ikusteko. Parte-hartzaileak ondokoak dira: Marian Andrés Aspace Bizkaia; Garun Paralisia daben Personen Arretarako Elkarteen Federazinokoak; Hajar Samudi Bidaya Euskadiko Emakume Musulmanen Elkarteko kideak; Tamara Clavería Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko ordezkariak; eta Elizabeth Gutierrez Ahotsdun Emakumeen Elkartekoak.
Casarse por papeles...¡Es verdadero amor! izango da Colectiva Caguama & Amapolas Nicaragua konpainiak eskainiko dauen antzezpenaren izenburua Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, zemendiaren 29an, 19:00retatik Aurrera; sartzea doban, lekuak bete arte.
Collage kolektiboa
Gaur, zemendiaki 21, collage edo esku-hartze artistiko bat egingo dabe, Maria Arriera artista eta sortzaile plastiko eta eszenikoaren eskutik. Jarduera horretan azken egunetan Gurarin beren bizitzak aztertzen dituen indarkeria matxistei buruzko hausnarketa-prozesu batean parte hartu daben emakumeak izango dira. Prozesuan emakumeek esaldiak idatzi eta zentroan egindako kartoizko etxe batean ipini ditue.
Txapa tailerrak
Gazteria Zerbitzuak Entxapatu txapa tailerra atondu Romo eta Algortako Gaztelekuetan, Gurarigaz koordinauta, 14 eta 16 urte bitarteko gazteentzat. Jarduera horren bidez, indarkeria matxistei eta horreei aurre egiteko estrategia kolektiboen garrantziari buruzko hausnarketarako gunea sortzea da asmoa. Metodologia parte-hartzailea erabiliko da eta hausnarketakaz batera, alderdi ludikoa eta sortzailea landuko ditue. Txapen edukiek indarkeria eta aldarrikapenei buruzko hausnarketak, emakumeen kolektiboen burrukak eta emakume esanguratsuak hartuko ditue kontuan.
Tailerra Algortako Gaztelekuan izango da zemendiaren 22an eta Romokoan 28an, biak 17:30etik aurrera. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena emotea.
Pankartak eta argiztapena
Aurten be, zemendiaren 30era arte puntu morea daben pankartak jarriko ditue udaletxean eta Santa Klaran. Era berean, zemendiaren 24tik 30era bitartean, igogailu publikoak eta Areetako portuko pasealekua morez argiztatuko dira, puntu hori daben txartel karterak banatuko dira zerbitzu publikoetan eta Adierazpen Instituzional baten onarpena eztabaidatuko dabe.
Azkenik, emakumeen alkarteek atondututako jardueren artean, Gizatiar Roma-Areetako Emakumeen alkarteak bere ohiko konzentrazinoa atondu dau zemendiaren 25ean, 19:30ean, Bizkaia Zubiaren ondoan dagoan puntu morean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
