Ana Galarraga eta Pettik ikuskizuna eskainiko dabe Mareak Jaialdian
2025-10-08 11:11 KultureaFrankenstein Agurgarria izenekoa, urriaren 15ean.

Argazkian: Endika Etxebarria, Ane Ortube eta Nadia Nemeh Shomaly.
XI. Mareak Jaialdia urriaren 13tik 18ra izango ga. Daborduko, Bermeoko kultur egutegiko ezinbesteko hitzordua bihurtu da. MB2000 Alkarteak, Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak atonduta, jaialdiak sei egunetan zazpi ekitaldi eskainiko ditu, gehienak doban. Halanda ze, ordaindu beharreko ekitaldi bakarrak barikuan eta zapatuan Bermeoko Kafe Antzokian (8 €) eskainiko diran kontzertuak izango dira.
Endika Etxebarria Telleria Kultura zinegotziak adierazo dau Mareak Jaialdia tradizinoa eta abangoardia buztartzen dituan espazio parebako modura finkatu dala Bermeon: eskerrak emon gura deutseet 11 urteko bidaian parte hartu daben guztiei: atontzaileei, artistei, babesleei eta publikoari. Halanda ze, urtero erakusten dabe babesa eta gogoa.
Ane Ortube, Mareak jaialdiko atontzaileak gogorarazo dauanez, mimoz eta ahalegin handiz prestetan dogu jaialdia, kulturea topagunea eta sormenaren lekua dala sinesten dogulako: proiekzinoak, musikea, urteerak eta ipuin-kontalariak izango ditugu, gustu guztietako herritarrentzat atondutakoak. Herritar guztiak konbidetan ditugu sormenaren marean sartzen.
Urriaren 13an, astelehenean, 18:30ean, Frantziskotarren klaustroan egingo da Mareak Jaialdiaren hasierako saioa, Emeen Kemen narrazino musikatuagaz, Maider Alzelai eta Igor Salaren eskutik. Ahozko narrazino musikatu horrek emakumeen indarra eta ausardia adierazoten ditu, akordeoiaren doinuekaz lagunduta. Sartzea doban da.
Urriaren 14an, martitzenean, 19:00retan, Arrantzaleen Museoak Habia hirukotearen kontzertua hartuko dau eta doban izango da sarrerea. Nafarroa Behereko taldea da eta folk klasikoa eta euskal tradizinoa buztartzen ditu, Etxepare, Gandiaga eta Sarrionandia lako autoreen testuekaz.
Urriaren 15ean, eguaztenean, 19:00retan, eta Arrantzaleen Museoan, Ana Galarraga eta Petti izango dira protagonista Frankenstein Agurgarria lanagaz. Mary Shelleyren Frankenstein gotikoaren klasikoan oinarrituta dago, baina gaurkotasunera eroanez. Testua eta abestiak buztartuz, hainbat gogoeta transmitiduten dira ikuspegi moderno batetik. Doban izango da.
Urriaren 16an, eguenean, 19:30ean, Bermeoko Kafe Antzokian Sretno dijete dokumentala proiektauko da doban. Igor Mirkovic zuzendariaren lan horrek 80ko hamarkadako Zagreben punk eta new wave mobimenduak gogora ekartzen ditu.
Urriaren 17an, barikuan, 20:30ean, Bermeoko Kafe Antzokian euskal folkearen gau berezia izango da Besaide taldeagaz. Besaidek euskal folkearen barrikuntzea irudikatzen dau. Holan, bertaratzen diranek, Euskal Herriko folk eszenako talde fresko eta aurreratua ikusteko sekulako aukerea izango dabe. Sarrerea 8 euroren truke izango da.
Urriaren 18an, zapatuan, 09:45ean Bermeoko autobus-geltokitik abiatuko da Sorbituagako Iruinarrira atondu dan bisita gidatua eta, 11:30ean, Juan Carlos Quintana arkeologoak azalpenak emongo ditu. Urdaibaiko altxor megalitikoa ezagutzeko aukeera eskainiko dauen urteerea be doban eskainiko da. Sorbituaga-Arriatarako (Busturia) monolitoa Añetu mendiaren (367 metro) hegoaldeko hegalean dago, Arriatara eta Sorbituaga baserrien arteko zelai batean.
Egun berean,eta jaialdiari amaierea emoteko, kontzertuak egongo dira Bermeoko Kafe Antzokian, 20:30ean hasita. Reserva Espiritual de Occidente (Madril), Doce Fuegos (Asturias) eta Comando Psicográfico (Galizia/Euskal Herria) taldeek folk iluna, esperimentazinoa eta arte performatiboa buztartuko ditue, edizioari amaiera paregabea emateko. Kontzertu prezioa be 8 eurokoa izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!