Badator XXXV. Euskadiko Andaluziar Zentroen Topaketea

Bizkaie! 2025-10-08 10:10   Kulturea

500 lagun baino gehiago batuko dira Barakaldoko Lasesarreko Kiroldegian.

Barakaldoko Udalak jakinarazo dauenez, urriaren 12an, domekan, egingo da Euskadiko Andaluziar Zentroen XXXV. Topaketea, Lasesarreko Kiroldegian. Bertan 500 persona baino gehiago alkartuko dira, Euskadiko hainbat lekutatik etorriak. Topaketea, autonomia erkidegoko etxe andaluziarrekaz alkarlanean atonduta, urteko hitzordu nagusietako bat bihurtu da Euskadin bizi diran andaluziar komunidadeentzat. Beraz, erkidego bien arteko kultura aberastasunaren erakusgarri bizia da.
 
Ekitaldi-programea 11:00etan hasiko da, Errozioko Meza bategaz; Guzmán Martiny Aitak emongo dau, Jaengo Semearen Zentroko Zambra abesbatzak abestuz. Jardunaldian zehar, kultura ikuskizunak izango dira, euskal eta andaluziar sustraiak buztartzen dituenak, besteak beste, ondoko honeek parte hartuko dabe: Erreka-Ortu eta Malaka jantza-taldeek, Christina Pagés Flamenco Konpainiak eta La Boterita.
 
13:00etan, harrera instituzionala egingo da, aurresku bategaz. Bertan berba hartuko dabe tokiko agintariek eta zentro andaluziarren ordezkariek. Jardunaldia amaituko da alkarteen bazkariakaz eta arratsaldeko beste hainbat ikuskizunekaz, 19:30ean egingo dan itxiera ofizialaren aurretik.

Amaia del Campok, Barakaldoko alkateak, ondokoa adierazo dau: Barakaldon lotura sendoa dogu herri andaluziarragaz. Familia askok aukera barrien bila etorri ziran gurera, baina lanaz gan, askoz gehiago ekarri eben: musikea, artea, ohiturak, jai-giroa, konpromisoa... gure uria aberastu eta oraindino be aberasten jarraitzen dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu