Elhuyar Zientzia komunikabide digitala aurkeztu dau Elhuyarrek
2025-10-08 09:52 KultureaEuskeraz sortua dago eta 25.000 edukitik gora ditu.

Egunotan aurkeztu dabe Elhuyar Zientzia komunikabide digitala Elhuyarren, Usurbilgo egoitzan. Garazi Andonegi Beristain Elhuyarreko Zientzia Unidadeko koordinatzaileak eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute Elhuyarreko Kultura Zientifikoko arduradunak aurkeztu dabe: zientzia eta teknologiako euskerazko hedabide digital aniztuna.
Zientziaren eta gizartearen arteko alkarrizketeak mundua eraldatzeko gaitasuna dauela ikusiz eta informazinoaren gizartean bizi garela kontuan izanik, Elhuyarrek Elhuyar Zientzia komunikabide digitala sortu dau. Etenbarik egokitzeko behar horren aurrean zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus webguneak buztartu eta gaur-gaurko edukiak eta gizarte kritiko batentzako begiradak ekarriko ditu hedabide digitalak. Euskeraz sortua dago, bertako ahots eta begiradakaz, gure teknologigaz eta mundu zabaleko edukiak ekarrita. Elhuyar Zientzia komunikabide digitalak zientzia eta teknologiako gaiak eskaintzen ditu, formatu ezberdinetan. Danetara, 25.000 edukitik gora: zientziaren arloko albistegiak eta bitxikeriak bideo laburretan; ingurumenari, feminismoari eta zientziari buruzko podcastak; alkarrizketak; euskal ikertzaileen begirada kritikoa eta eretxia; basabizitearen argazkiak; herritarrek eretxia emoteko espazioak; emakume zientzialarien efemerideak... Horrezaz gan, egungo gizarte-krisiak eta kezkak be azalean jarriko ditu: osasun mentala, transizino ekosoziala, ingurumena, balioak...
Komunikabide digitalak Elhuyarren landutako teknologia aurreratuenak ditu: itzultzaile automatikoa sei hizkuntzatan (euskerea, gaztelania, ingelesa, frantsesa, katalana eta galegoa), testua entzuteko ahots automatikoak, eduki-proposamen automatikoak, bilatzaile aurreratua...
Atalak
Elhuyar Zientziak diseinu dinamikoa eta funtzionala dau eta hori azalean erakutsiko da, batez be edukien ikusgarritasuna gehituz. Kanaletan, albisteak, alkarrizketak, eretxiak, argazkiak, podcastak, bideoak eta erreportajeak topauko ditue erabiltzaileek. Nabarmentzekoa da eretxien atala, erreferentziazko zientzialari eta teknologoek begirada kritikoa eta estrategikoa jarriko baitabe mahai gainean, auzi sozialak aintzat hartuta.
Atal berezietan, aitagarriak dira asteroko inkestak, zientzian jazoten diran aurrerapenek gizartean sortzen dabe eretxia jasoteko; baita hezkuntzeari lotutako edukiak (albisteak, komikiak, liburuxkak eta bideoak), efemerideak eta ingurumenari buruz komuniketako dekalogoa be. Nabarmentzekoa da erabiltzaileei dibulgatzaile bihurtzeko aukerea emoten deutsen atala; izan be, Gai librean atalak aukerea emoten deutso nahi dauenari bere edukia bialdu eta editoreek aztertu ondoren argitaratzeko. Elhuyar aldizkariaren irakurleentzako aldizkari digitala eta Teknopolis programako zaleentzako atala be egongo dira.
Asteko buletin bat be egongo da, zientziaren eta teknologiaren arloko momentuan-momentuko gai nagusien asteroko laburpen bat postan jaso nahi dabenentzat.
Elhuyar aldizkaria
Elhuyar Zientzia komunikabide digitaleko edukiak lasai irakurteko aukerea be izango da aurrerantzean, Elhuyar aldizkariaren bitartez. Komumikabide digitalean argitaratuko diran gai mamintsuak, alkarrizketa sakonak eta zientzia eta teknologiaren aurrerapenak beste erritmo batean irakurteko aukerea eskaintzen jarraituko dau aldizkariak. Orain arte lez, aurrerantzean be, urtean lau zenbaki kaleratuko dira eta, harpidetu ezkero, etxean bertan jasoteko aukera izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!