'Argazkineta' San Adrianera hurreratuko da
2025-10-07 11:09 KultureaUrriaren 14tik zemendiaren 2ra arte.

Argazkineta, Bilboko Udalak sustatutako ekimena, urrian bueltauko da. Auzokideen akorduak jasoten dituan furgonetea San Adrian auzora joango da:
- Urriaren 14tik 23ra, San Adrian etorbideko 17. zenbakian, postontziaren ondoan, 11:00etatik 14:00etara goizez eta 16:30etik 20:30era arratsaldez.
- Urriaren 24tik zemendiaren 2ra Floresta Parkean, ordutegi berean.
Argazkineta zuri-baltzeko edo koloretako (papelean edo digitalizauta) argazkiak, diapositibak eta negatiboak, bideoak edo filmak edozein formatutan (super 8, VHS, BETA) edo bestelako materialak (planoak, zirriborroak, egunkariak, aldizkariak, bandoak, aktak, kartelak, liburuxkak edo pegatinak) partekatu nahi dituan San Adriango persona guztientzat eskuragarri egongo da. Hori guztia 2000. urtearen aurrekoa izan behar da, holan, dokumentu eta istorio horreek bizitea leta garai barrietara birziklauko dituan formatu digitalera eroateko.
Argazkinetak historiako materialak eta akorduak batzen ditu: alde batetik, memoria kolektibo eta partekatuko akorduak; eta bestetik, auzoko ohiturak, ospakizunak, tradizinoak edo eguneroko bizita partekatzen eta ezagutzen lagunduko daben materialak.
Artxibetako materialak berreskuratzeaz gan, bizilagunek euren istorioak, akorduak, testigantzak eta jazoerak konpartidutea da asmoa, batutako informazinoa osotzeko eta euren kontakizunaren bidez auzoaren historia ezagutarazotea.
Ekintzak
Urriaren bigarren hamabostaldian, hainbat jarduera batzuk egingo dira San Adriango historia ezagutarazoteko eta akordu kolektiboa berreskuratzeko. Horretarako, irrati-topaketea egingo da auzokideakaz furgoneta berean. Bertan, Pagasarriren magalean dagoan auzo horretako kaleen artean bizitako guztia kontauko dabe: pasadizoak, akorduak, esperientziak...
Era berean, auzoaren sorrerea eta jatorria eta XX. mendean zehar izandako garapena eta hedapena zeozelan islatuko dituan argazki zaharren paseaz disfrutau ahal izango da.
Jarduera horreek balio izango dabe atzera begiratzeko, ez oso urrun dagoan horretara, denporearen poderioz gero eta gitxiago ikusten eta lausotzen dalako haren akordua.
Argazkineta Show
Batutako materiala publikoagaz partekatuko da abenduan Argazkineta Showen. Auzokideei edegitako ekitaldia da, parte-hartzailea eta atsegina. Bertan, Argazkineta proiektuan parte hartu dabenek helarazotako argazkiak, bideoak, akorduak eta bizipenak proiektatuko dira. Gainera, hiru astetan zehar, furgonetan bertan edegiko da batutako materiala.
YouTubeko Bilbao Kultura profilean Argazkineta 2025 izeneko bideo-zerrendea sortuko da. Bertan, proiektu horren inguruko ekimenen barri emongo da eta bilketea eta dokumentazino prozesu osoa amaitzean, material digitalizatua be ikusi ahal izango da.
Berreskuratutako argazki-materialaren zati bat Bilboko Udal Artxibora bideratuko da. Bertan, konsulta-sisteman sartu ondoren (prozesua nahiko luzea eta neketsua da), Udalaren eraikin nagusiko instalazinoetara doazenek ikusi eta konsultau ahal izango dabe.
Aurreko edizinoak
Proiektua 2019an jarri zan martxan Zorrotza auzoan eta Elorrieta, San Inazio, Ibarrekolanda, Sarriko, Santutxu, Abusu, Castaños, Matiko, Ciudad Jardín, Altamira, Masustegi eta Monte Caramelo auzoak zehartu ditu.
Sei urteetan zehar, 11.160 dokumentu, argazki, bideo eta askotariko material inguru digitalizau dira. Guztira 660 personak hartu dabe parte.
Azken edizinoan, Altamira, Masustegi eta Monte Caramelo auzoetan 250 persona baino gehiago hurreratu ziran Argazkinetara eta 2.656 dokumentu eta artxibo digitalizau ziran, uriko udal artxiboen parte izango diranak.
Ekimena Bilbao Izan programearen barruan dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!