Plakea jarri dabe Durangoko San Inazio Taldeko Etxebizitzetan
2025-10-07 09:43 KultureaBizkaiko XX. mendeko arkitektura modernoaren adierazgarri nagusienetakoa da.
EHAEO Bizkaiak atondutako 2025eko Arkitekturaren Astearen esparruan, plakea jarri dabe San Inazio Taldeko Etxebizitzen Eraikinean. 1971 eta 1972 artean eregitako eraikin esanguratsu hori, Bizkaiko XX. mendeko arkitektura modernoaren adierazgarri nagusietako bat dala autortu dabe Docomomo Ibérico Fundazinoak eta EHAEO Bizkaiak.
Ekitaldian hainbat ordezkarik parte hartu dabe, besteak beste, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak, Jorge Cabrera Bizkaiko Ondare Batzordeko kideak eta auzoko ordezkariek.
Arkitekturearen Astearen helburu nagusia arkitekturea herritarrakana hurreratzea eta ingurune jasangarriagoak eta egokitzeko gaitasun handiagoa daben espazioak eregiteko arkitektureak dauen garrantzia nabarmentzea da. Testuinguru horretan, San Inazio Taldea, Durangoko uri-garapenean oinarrizkoa izan dan bizitegi-eraikina, gaur egun arkitektura modernoaren ikur bezela hartzen da.
San Inazio Taldeko Etxebizitzen Eraikina Durangoko Ibaizabal ibaiaren ondoan dagoan orube triangeluar baten barruan dago eta haren diseinu barritzaileagaitik nabarmentzen da. 3. eta 4. eraikinek osotzen dabe gunea eta oinplanoan L itxurea hartzen dau. Guztira, 78 etxebizitza batzen ditu eta haren diseinuak ingurumen kalidade handiko berdegunea sortzen dau, ibaiertzeko zugatzez inguratua. Blokeen artean ez dago jarraitasunik beheko pisuetan izan ezik.
Eraikinaren diseinuan, arkitektoek bolumen-atzeraemonguneak eta goiko pisuetako mailakatzeak erabili zituan fatxadearen monotonia ebitetako. Era berean, terraza erdizirkularrak integrau zituan hegalkin bezela, fatxadei dinamismoa emonez. Fatxadetan, adreilu ikusgarria horizontal eta bertikal moduan txandakatzen da eta zokaloan, agiriko hormigoizko zutabeek industria-izaerea emoten deutse moltsoari.
Etxebizitzen barruko-banaketeari jagokonez, egongela guztiek kanpoko fatxada bi ditue. Leiho handien bidez argi naturala eta aireztapen eraginkorra bermatzen dira. Diseinu horri esker, eraikina Bizkaiko arkitektura modernoaren erreferente bihurtu da eta kalidadeko etxebizitza kolektiboen adibide argi bezela nabarmentzen da.
Aste honetan zehar, beste hiru Docomomo plaka ezarriko dira Bizkaiko arkitektura modernoaren beste eraikin esanguratsu batzuetan, esaterako Markina-Xemeingo Itxaropen Gunean, Bermeoko Batzokian eta Bilboko Txurdinaga Behekoa BHI Institutuan. Guztiak be XX. mendeko arkitektura modernoaren adibide nabarmenak dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!