BAD Bilbaok erabateko hiru eta lau euskal estreinaldi eskainiko ditu

Bizkaie! 2025-10-07 08:34   Kulturea

Urriaren 16tik 26ra arte.

  • Argazkian: Gonzalo Olabarria eta Alicia Otxandategi.

Bilboko Udalak atontzen dauen BAD – Bilboko Antzerki eta Jantza Garaikidearen Jaialdiaren XXVII. edizinoa urriaren 16tik 26ra bitartean egingo da. Egun horreetan bertaratzen diran ikusleek Euskadiko lau estreinaldi, Europa mailako estreinaldi bat eta hiru erabateko estreinaldi ikusteko aukerea izango dabe.

La Fundición, Harrobia, Bilborock eta Campos Antzokiko Kupula Aretoa lako espazioetan disfrutau ahal izango dira. Gainera, aurton, San Frantziskoko Udaltegia be eszenatokia izango da.

BAD – Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren programazinoa Udaletxean aurkeztu dabe, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotzia eta Alicia Otxandategi BADeko zuzendaria bertan zirala.

Olabarriak azpimarratu dauenez, edizino honetan kalidadeko artelan eta artista ugari dagoz eta horreek arte eszenikoen erakusketea eroango dabe Bilbora, egun horreetan uria proiektu barritzaile eta anitzen erdigune bihurtuz. Ikuskizunak bilbotarrei hurreratzea da udalaren helburua.

BAD Bilbao proposamen eszeniko barritzaile eta anitzen erakusleiho nagusia da Euskadin eta hizkuntza barrien alde egiten dau, publikoari hurreratzeko. Horren erakusgarri, hedabideen aurrean egindako aurkezpenean, Carla Róisinek Líneas de fuga jantza-kontzertu-performance lan laburra interpretau dau Itxaso Navarrogaz biolontxeloan eta Lucía Chamorogaz biolinean. 

Hori bai, jaialdiak ez ditu ikuskizunak bakarrik hartuko, izan be, La transición profesional en la danza jardunaldi profesionalak be atonduko dira, ADDE Euskal Herriko Jantza Profesionalen Alkartearen eskutik, BAD Bilbaogaz lankidetzan. Topaketak urriaren 24an, barikuan, egingo dira, 09:00etatik 13:30era eta 16:30etik 18:30era, San Frantziskoko Udaltegian.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diruz lagundutako jardunaldia da eta izena emoteko epea urriaren 21ean zarratuko da info@addedantza.org helbide elektronikora mezu elektronikoa bialduta. Topaketea Transit-Mesa de Estudios e Iniciativas para la Transición Profesional en la Danza Alkarteak dinamizetan dau, Estaduan gaiari buruzko alkarte aitzindaria eta Jantzari Profesionalen Trantsizinorako Nazinoarteko Erakundeko kidea. Topaketa horreetan jantzako artisten trantsizino profesionala egingo da, prozesu horretarako dagozen laguntza-ereduak eta Transitek eskainitako Trantsizinoari Laguntzeko Zerbitzua aurkeztuko da.

Era berean, hilaren 24an, barikuan, Gorputza eta osasun mentala kontzeptuaren inguruko tailerra eskainiko jake profesionalei. Cía.Sonia Gómezek atonduta, urriaren 25erako, zapatua, Campos Antzokiko Kupula Aretoan programautako Calidoscópica ikuskizuna ikertzeko eta muntatzeko prozesuan erabilitako ariketa eszenikoak partekatzea dau helburu. Tailerra 16:00etatik 18:30era izango da, La Bolsa-Yhon Jauregian eta izen-emoteak BAD Bilbaoren webgunean egin daitekez, doban.

Programazinoa

BADen aurtengo edizinoan 17 konpainiak hartuko dabe parte, horreetatik 9 euskaldunak: Formol Laborategia, Nazario Díaz, Cielo Raso, Perpetûa Vastarda, Laura Penagos, Ibon Salvador, Carla Róisin & Baseline, Hika Teatroa eta Barritza Alkartea. Holan, jaialdiak barriz be tokiko talentua babestearen alde egin dau.

Estaduko sei konpainiaren eta nazinoarteko biren lanak be ikusi ahal izango dira. Brice Noeser koreografo kanadarrak haren azken lana aurkeztuko dau, Direction Assistée, estreinaldia Europan, eta Portugaletik Julíán Pacomiok Toda la luz del mediodía azken eszena-proposamena eskainiko dau lehen aldiz Euskadin.

Jaialdiaren egitarauaren erabateko estreinaldiak Ibon Salvador (Euskadi), Ana Cotoré (Zaragoza) eta Pablo Fidalgoren (Galizia) eskutik etorriko dira.

BAD Bilbao eguenean, urriak 16, hasiko da Formol Laborategia konpainiaren euskerazko Heriotzak Eduardo du izena antzezlanagaz, 19:00etan Harrobian. Formol Laborategiak eta Susa Argitaletxeak Heriotzak Eduardo du izena poesia errezitaldia aurkezten dabe. Mundu Poesia Kaierak poesia bildumearen hamargarren urteurrenean, bizirik egoazen poetak hil nahi zituela esan eutseen Susako lagunek Formoleko kideei.

Hamar eguneko programazinoan zehar, Jaialdiaren 27. edizinoak uriko hainbat gunetan banatuko diran 17 ikuskizun eskainiko ditu. Heriotzak Eduardo du izena obreaz gan, Harrobiak Nazario Diazen Amanecer alto cielo (barikua 17, 19:00retan), Berritza Alkartearen Maxka Roa (zapatuan, hilak 18, 19:00retan), Euskadin Ixaren Nik-Eu 2.0 (domekan, hilak 19), Montdedutor-Guillem Mont de Palol-Jorge Dutorren Danza Romántica (astelehenean, hilak 20, 20:00etan) eta Julián Pacomioren Toda la luz del mediodía (domekan, hilak 26, 19:00retan), Brice Noeserren Direction Assistée (martitzenean, hilak 21, 20:00etan) eta Hika Teatroaren Mi deuda (zapatuan, hilak 25, 19:00retan).

La Fundicioneko programea Emilio Manzanoren Volver se Pequeño antzezlanagaz hasiko da (barikuan, hilak 17, 21:00etan). Ondoren, Cielo Rasoren Née (zapatuan, hilak 18, 21:00etan), Laura Penagosen Putaren bakarrizketa eroetxean (domekan, hilak 19, 19:00retan) eta Pablo Fidalgok aurkeztutako El año que murió Franco Battiato hitzaldi performatiboaren estreinaldia estaduan (barikuan, hilak 24, 21:30ean).

Bestalde, Campos Eliseos Antzokiko Kupula Aretoan, Ibon Salvadorrek eskainitako Boca Noche/Gaua Ahoa (eguaztenean, hilak 22, 19:00retan) eta Ana Cotoréren No necesito un nombre para ser mascota (eguenean, hilak 23, 21:00etan) estreinaldiak eta Cia.Sonia Gómezen Calidoscòpicaren euskal estreinaldia (zapatua 25, 21:00etan) ikusi ahal izango dira.

Ibaiondo-Bilborocken, domekan, hilak 19, Perpetûa Vastardaren Free Tour-Bilbao jaialdiari agur esaten hasiko da, Arriaga Plazan 11:30ean. Berbaldia eta proiektuaren sortze eta ikerketa prozesua adierazoko dabe. Egunean, hilaren 23an, 19:30ean, Carla Róisin & Baselineren Mi reino por un caballo ikuskizuna eskainiko da.

Sarrerak 

Ikuskizun bakotxerako sarrerak urriaren 16ra arte egongo dira eskuragarri, 8 eurotan, eta egun horretatik aurrera 10 euroko prezioa izango dabe. Erosketa Zinemaldiaren webgunearen bidez egin daiteke edo La Fundicion eta Campos Eliseos antzokien webguneetan eta leihatiletan. Gainera, ikuskizunaren egunean bertan sarrerak erosi ahal izango dira, 10 euroren truke, leihatilan.

Sarrerak eskuratzeko informazino guztia eskuragarri dago jaialdiaren webgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu