Unai Elorriaga, Karmele Mitxelena eta Maite Rosendek jasoko dabe Euskadi Literatura Saria 2025
2025-10-06 13:40 KultureaSariak banatzeko ekitaldia zemendiaren 26an izango da Donostian.

Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak gaur goizean emon ditu ezagutzera Euskadi Literatura sarietako aurtengo lehen hiru irabazleen izenak. Bilboko Bidebarrieta Liburutegian egindako aurkezpenean jakinarazo ditu sailburuak Euskerazko Literatura, Euskerazko Ume eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren Ilustrazinoa modalidadeetako 2025eko irabazleak:
- Euskerazko Literatura: Unai Elorriaga, Francesco Pasqualeren bosgarren arima (Susa).
- Euskarazko Ume eta Gazte Literatura: Karmele Mitxelena, Aitona Floren (Elkar).
- Literatur Lanaren Ilustrazinoa: Maite Rosende, Traba (Denonartean).
- Euskarazko Literaturako sariduna – Unai Elorriaga
Epaimahaiak azpimarratu dauenez, Francesco Pasqualeren bosgarren arimak apustu literario sendoa egiten dau, nobelearen eta narrazino liburuaren artean eta puzzle handi eta iradokitzaile bat osotzen dau. Protagonistearen inguruko hainbat narrazino harilkatu dira, XX. mendeko Europa ekialdeko zenbait idazleren estiloan eta kontakizuna Italia hegoaldetik Euskal Herrira doan bitartean personaia bizidunen bizipen eta istorio askotarikoak jasoten ditu, gordintasunari iges egin barik. Idazleak baliabide narratibo ugari modu eraginkorrean erabilten ditu, eta irakurketa aktiboa eskatzen dau liburuak, irakurlearen esku geratuz hariak jostea eta elipsiak betetea.
Unai Elorriaga (Algorta, 1973)
Filologoa, irakasle lanetan dabil. Getxotarraren ibilbidean hainbat nobela eta narrazino argitaratu ditu, tartean SPrako tranbia, Van`t Hoffen ilea, Vredaman, Londres kartoizkoa da, Iazko hezurrak eta Iturria. Ume eta gazte literaturan, antzerkian eta komikian be lan egin du eta itzulpenak be egin ditu.
- Euskerazko Ume eta Gazte Literaturako sariduna – Karmele Mitxelena
Epaimahaiak nabarmendu dauenez, Aitona Floren dramarik barik, oso hurbileko kontakizun batean heriotzea eta dolua lantzen ditu, ume protagonistearen ahotsa opinarri hartuta, bakarrizketa zuzena eregiz. Personaia kopuru txiki eta zertzelada arinetan oinarritutako eregite prozesua, kontakizunaren arintasuna, intimidadea eta hausnarketarako bidea bermatzen dau. Liburu honek barruko berbakerearen erabilerea bereziki nabarmentzen dau, gizarte isolatuago batean horren garrantzia eta beharra adierazoz.
Karmele Mitxelena (Oiartzun, 1988)
Irakaslea da eta Um Hezkuntzako gradua dau. Bertsolaritzea eta literatura narrazinoan hainbat sari jaso ditu, eta 2019an album ilustradu bat argitaratu eban (Erakusleihoa), Peru Abarka saria irabazi ondoren.
- Literatur Lanaren Ilustrazinorako sariduna – Maite Rosende
Epaimahaiak nabarmendu dauenez, -Traba- proposamen ausarta da kolore aukeraketeari eta irudien figurazinoari jagokenez. Oinarrizko hiru koloreez gan, baltza eta morea erabilita, album bizia eta erritmikoa sortu dau, irudi kaotikotik lasaiagora salto eginez eta lerro berezi garbi batega. Testuak eta irudiak maisuki bat egin dabe, eta liburuaren kutsu espresionistea publiko guztiarentzat egokia da, zintzoa, zuzena eta bizipozerako dei egiten dauena.
- Maite Rosende (Donostia, 1991)
Olgetatik sortzen dau eta gozau egiten dau bere irudiak hainbat euskarrietara eroanez. Ornamentazino-pinturan eta ilustrazinoan trebatua, hainbat liburu argitaratu eta hainbat sari jaso ditu. Gaur egun Donostiako Gilda sormen-estudioko kidea da.
Azken buruan, Ibone Bengoetxea, lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazo dauenez: berbak dira gure etxea eta euskal literaturea gure memoriaren eta etorkizunaren arteko zubia. Gaur saritutako hiru lanek erakusten dabe kulturea ez dala osogarri bat, biziteko eta ulertzeko modu bat baino. Horregaitik, gaurko aurkezpena euskal literaturara hurbiltzeko eta gure sortzaileen doe eta berezitasunakaz gozetako konbita be bada.
Sariak
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura sari banatzen ditu. Falta diran lau sariak —Literatura Gaztelaniaz, Euskerazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskeraz eta Saiakera Gaztelaniaz— datorren astean iragarriko dira. Saridun bakotxak 18.000 euroko saria jasoko dau eta 4.000 euro gehiago lan saritua beste hizkuntza batean
argitaratu ezkero. Euskerazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.
Aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia zemendiaren 26ean izango da Donostiako San Telmo Museoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!