Loraldiak eta EHUk bat egin dabe Sormenola sustatzeko

Bizkaie! 2025-10-03 08:53   Kulturea

Aurton, saio guztiak doban izango dira.

Loraldiak eta EHU Kultura Bizkaiak alkarlanean aurkezten dabe Sormenola 2025-26 programearen edizinoa. Loraldia Gaztea, ardatz estrategikoaren barruan dagoan ekimena, euskal sorkuntzearen harrobi bezela finkatu da. Interesa izan leikeen danori zuzenduta eta tailer guztiak doban izango dira. Gainera, formatua barritu da eta saioak hilean behin egingo dira, eguen arratsaldetan, Leioako EHUko kanpusean, talentu barrien parte-hartzea errazteko.
 
Sorkuntzearen unibersoan sartzeko egitaraua

Puntako profesionalek gidatutako tailer monografikoak eskainiko dira hilean behin. Diziplina anitzak jorratuko dira, eguen arratsaldez EHUren Leioako Kanpusean.

Programazinoa:

  • Urriak 8: Uxue Alberdi eta Iratxe Retolaza (Literaturea). Narrazio-arkitekturak eta geruza sinbolikoak tailerrean, idazlearen uniberso literarioan eta sorkuntza-prozesuan sartuko dira.
  • Zemendiak 19: Ander Lipus (Antzerkia). Labirintoan jolasean saioan, antzezpen-teknikak eta inprobisazinoa landuko ditu, sorkuntza eszenikoaren bideetan sartuz.
  • Zezeilak 4: Sara Fantova (Zinemea). Opera prima baten sorkuntza tailerrean, Jone, batzuetan haren film arrakastatsuaren sorkuntza prozesuaren bizipenak eta erronkak partekatuko ditu.
  • Martiak 4: Jokin Pinatxo (Janus Lester) (Musikea). Musika sortzea errusiar mendi bat da izenburupean, abestiak sortzeko prozesu emozionala eta euskal musikearen unibersoan lekua egiteko kakoak adierazoko ditu.

Prestakuntza irisgarria, praktikoa eta garaikidea

Sormenola ez da eskola teorikoa. Saio bakotxa (hiru ordukoa) tailer praktiko bezela diseinauta dago. Parte-hartzaileek sortzaile bakotxaren metodologia, bizipenak eta lan-prozesuak ezagutuko ditue, alkarrizketa eta alkarlanaren bidez. Saioak hilean behin izango dira, eguenetan, 15:00etatik 18:00etara, Leioako EHUko kanpusean.
 
Belaunaldi barrien alde

Loraldiaren ikuspegitik, Sormenola gure etorkizuneko eszenan inbertidutea da. Erakunde bi, Loraldia eta EHU Kultura Bizkaiaren, arteko alkarlanak gazteei kalidadeko kultur proposamenak eskaintzeko dogun konpromisoa indartzen dau.

Programeak, gainera, balio akademikoa dau: EHUko ikasle ofizialek ikasketa kredituak lortzeko aukerea izango dabe eta gainerako parte-hartzaileek Loraldiaren ziurtagiri ofiziala jasoko dabe.

Izen-emotea

Sormenola 2025-26 programan parte hartzeko izen-emotea edegita dago Loraldiaren webgune ofizialaren bidez: www.loraldia.eus.

Plazak 25 lagunentzat mugatuak diranez, interesa dabenei lehenbailehen izena emotea gomendatzen jake.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu