Zabalik da 2026ko Elhuyar Zientzia Azokea

Bizkaie! 2025-10-02 12:23   Kulturea

2026ko edizinoa maiatzaren 6tik 9ra izango da.

Elhuyar Zientzia Azokan izena emoteko epea edegita dago hemen.

2026ko edizinoa maiatzaren 6tik 9ra egingo da, Bilboko Arenalean. Lau egunetan zehar, DBH eta Batxilergoko gazteek ikasturtean zehar egindako zientzia eta teknologiako proiektuak aurkeztuko ditue. Euskal Herriko ikastetxe guztietako DBHko eta Batxilergoko gazteek parte hartu leikie.

Zientzia eta teknologiako proiektuak ezagutarazoteko eta euskerearen erabilerea sustatzeko be bada Elhuyar Zientzia Azokea. Ikasleak, eurek erabagitako gaien inguruan ibiliko dira taldelanean, guztiak be Garapen Jasangarrirako Helburuagaz (GJH) lerrokatuta, esaterako, Osasuna eta ondoizatea, Produkzino eta konsumo arduratsuak, Uri eta komunidade jasangarriak, Industria, barrikuntzea eta azpiegiturea eta, azkenik, Klimearen aldeko ekintzea. Beraz, erronka globalei buruz hausnartuko dabe eta urtenbideak proponiduko ditue, euren ingurunetik hasita. Ikuspegi horri esker, curriculumeko edukietan sakontzeaz gan, etorkizun bidezkoago eta jasangarriagoa eragiteko izan leiken arduraz jaubetuko dira ikasleak.

Ikertzaileen laguntzea, funtsezko zutabea

Urtero lez, gazteek benetako profesionalen laguntzea jaso ahal izango dabe euren proiektuak egiteko. Halanda ze, Euskal Zientzia eta Teknologia sareko 200 ikertzailek baino gehiagok emon dabe izena gazteak laguntzeko. Horreetatik % 60 emakumeak dira. Interesa daben ikertzaileek oraindino be aukerea dabe parte-hartzeko.

Ibilbide luzeko azokea

Elhuyar Zientzia Azokeak 14 urte beteko ditu aurton. 2013tik hona, 9.000 gazte baino gehiagok hartu dabe parte eta 2.500 ikerketa eta teknologia-proiektu baino gehiago aurkeztu ditue guztira. 2025ean Bilbon egindako azken edizinoan, 640 gaztek baino gehiagok parte hartu eben 160 proiektugaz eta nazinoarteko parte-hartzaileak be izan ziran.

Igazko edizinoan saria irabazi eta aurton saria irabazi dabenek aukerea izango dabe nazinoarteko hainbat azoka bisitetako, baita Euskal Herriko ikerketa-zentroetara hurreratzeko be, benetako profesionalak gertutik ezagutzeko.

Elhuyar Zientzia Azokearen babesleak: Eusko Jaurlaritzea, FECYT-Zientzia, Barrikuntza eta Unibersidade Ministerioa, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Nafarroako Gobernua eta Erabi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu