Marisa Gozalez bilbotarrak Azkuna Zentroan aurkeztuko dau erakusketa antologikoa
2025-10-02 11:00 Kulturea2025eko urriaren 29tik 2026ko urtarrilaren 18ra.

Datorren urriaren 29an, Azkuna Zentroak, Marisa González. Un modo de hacer generativo erakusketa antologikoa aurkeztuko dau, artistearen ibilbidea berraztertzen dauena, 2023an artisteak Velázquez Saria irabazi baitzeban.
Marisa González (Bilbo, 1943) aurrendaria da Espainian arte-sorkuntzea eta irudiak komuniketako eta erreproduzidutek teknologiak buztartzen. Beti arte bisualen barruan, faxagaz, fotokopiagailuakaz, argazkigintzeagaz, bideoagaz eta ordenagailuagaz lan egiten dau.
Violeta Janeiro Alfageme arte historialari eta ikertzaileak komisariautako antologiko honek artistearen bost hamarkadako produkzinoa batzen dau haren serie eta proiektu handien zati handi bat erakutsiz.
Hirurogeita hamarreko hamarkadatik, bere lana ohiko baliabide artistikoetatik aldentzen da, eta makinak — koloretako fotokopiagailuak, termofaxak eta bere garaian puntako teknologia izandako beste tresna batzuk erabilten ditu kopiatzailea edo erreplikatiboa izan beharrean sortzailea dan artea asmetako. Marisa Gonzálezek metodo propio bat sortu dau, hizkuntza bat, berehalakotasunak, zoriak, probak eta erroreak hartzen daben protagonismoa zabalduz.
Bilbotarraren ibilbidean, arlo jakin batzuk interesau jakoz, besteak beste, gai feministak, mobimentu sozialak, arkitektura industriala, hondakina eta kondarra. Oso goiz jarri zan hartu-emonetan feminismoagaz eta, ondorioz, sano nabarmendu da arte instituzionalaren genealogia feministei buruzko ikerketa barrietan.
Azkuna Zentroak Reina Sofía Museoko proiektu honen produkzinoan laguntzen dau, izan be, maiatzetik irailera bitartean erakutsi da. Ibilbidearen bigarren geldialdi honetan, erakusketea La Fabrica – Harino Panadera 1999-2000 proiektuaren irudikapen garrantzitsu bategaz zabaltzen da, XX. mendeko memoria industrialagazko interesaren adibide.
Kontuak ontu, Marisa Gonzalezen erakusketa antologikoa Chiharu Shiota artista japoniarraren erakusketearen ondoren dator; irailaren 28an zarratu eben My House is Your House 71.000 personek bisitau ondoren, Zentroaren historiako ikusiena bihurtuz.
Marisa González (Bilbo, 1943)
Arte Plastikoen Velázquez Saria jaso eban 2023an, multimedia artista lez egindako ibilbide luze eta emonkorragaitik. Marisa González aurrendaria izan da teknologia barriak erabilten 1970eko hamarkadatik gaur egun arte.
Bilbotarra, Madrilen bizi da gaur egun. Pianoko Goi Mailako ikasketak egin zituan Bilboko Konserbatorioan, Arte Ederretan lizentziau zan Madrilgo Unibersidade Konplutenseko Arte Ederretako Fakultadean (1971), masterra egin eban Chicagoko Art Instituten, Sistema Sortzaileen Sailean (1973), eta BFA Corcoran School of Arten (Washington D.C.) (1976).
Feminismoa, memoria eta arkeologia industriala, birziklapena, ekologia eta bazterketa eta prekariedade-prozesuen aurreko arretea dira Gonzálezen ibilbidean nabarmentzen diran beste bereizgarri batzuk.
Hainbat museotan eta bildumatan ditu artelanak eta banakako 60 erakusketa baino gehiago eta 150 erakusketa kolektibotik gora egin ditu, besteak beste, Veneziako Bienalean, Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalean, Tabacaleran (Madril) eta Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroan (CCCB). Hainbat argitalpenetan aitatu izan dabe erreferente lez, besteak beste, Jorge Luis Marzoren Arte en España (1939-2015) eta Patricia Mayayoren La fotografía en España. De los orígenes al siglo XXI izeneko lanetan.
Violeta Janeiro Alfageme (Vigo, 1982)
Artearen Historian doktorea da Santiagoko Unibersidadean. Bere lana Espainiako diktadureagazko erresistentzian dagozan emakumeen mobimentuen memorian eta eremu publikoan eragina daben lankidetzako, komunidadeko eta prozesuko praktika artistikoetan oinarritzen da. Hainbat erakusketa komisariau ditu Madrilgo Reina Sofía eta CA2Men; MUAC Mexikon; MARCO, Vigon, eta proiektuak Madrilgo Kubus, Hannover eta Mataderon.
Gaur egun, Le19 CRACerako (Frantzia) erakusketa bat atontzen dabil eta 2021etik Interferencias proiektua lantzen dabil, Espainian 30eko eta 40ko hamarkadetan jaiotako emakume artisten ahozko memorian oinarritua. Europako eta Latinoamerikako erakundeakaz lan egite dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!