Donostian garezur monumental ikonikoen 'Mexicráneos' erakusketea ikusgai
2025-10-02 09:53 KultureaUrriaren 1etik zemendiaren 2ra, Ramón Labayen plazan.

Uri-artearen munduko erakusketarik handienetakoa da Mexicráneos. Estadu mailan hileta-sektoreko enpresa erreferentea dan Grupo Albiak sustatuta, erakusketa ibiltari hau lehen aldiz izango da Euskadin eta, besteak este, 12 garezur erraldoi entzutetsu ikusteko aukerea eskainiko dau. Mexicráneos erakusketea Hildakoen Egunean inspirauta dago. Mexikoko jai tradizional hori Gizateriako Kultura Ondare Ikutuezin izentau eban UNESCOk. Erakusketeak, barriz, hileta-kulturearen ikuspegi artistikoa eskaintzen dau eskultura monumental ikonikoen bidez. Kolore biziek eta konposizino berritzaileek Mexikoko garezur tradizionalak berrinterpretetan ditue, eta uriko espazioa biziteari eta gure arbasoei egindako omenaldi bihurtzen dauen ibilbide
bisuala sortzen dabe.
Mexicráneos Espainiako beste leku batzuetan egon da: Ávila, Salamanca, León, Cádiz, Zaragoza eta Madrilgo erkidegoko hainbat tokitan, Adolfo Suárez Madrid-Barajas aireportua eta El Retiro parkean. Urte luzez egindako ibilbideari esker, guztira 18 miloe persona baino gehiagok bisitau dabe erakusketea eta tabuak indarrik barik ixten dituan eta doluari buruzko ezinbesteko barriketaldia sustatzen dauen kapazidadeagaitik berezia da proiektu artistikoa.
Ramón Labayen plazan egindako aurkezpenean, Eneko Goia Donostiako alkatea, Carlos Gallego Grupo Albiako Jasangarritasun, komunikazino eta marketineko zuzendaria, Alberto Blanco Grupo Albiako Eragiketen arduraduna, José Antonio Lauroba Grupo Albiaren iparraldeko zuzendaria eta Beatriz Alda Rekalde Berri Albia Beilatoki Errausketa-labeko gerentea egon
dira.
-Mexicráneos- erakusketeari esker doluari buruzko alkarrizketa-eremua edegi eta gomuta eta agurraren ikuspegi ezbardina hurreratu jako gizarteari. Harro gagoz herrialde osoan miloeka personakana heldu dan ibilbide honetan Donostian geldialdia egiteaz esan dau Carlos Gallegok.
Erakusketeak Grupo Albiak EAEn gauzatuko dauen mugarriagaz bat egiten dau: Rekalde Berri Beilatoki Errauste-labea Donostian edegitea. Zentro moderno eta jasangarri horrek Euskadiko beilatoki batean dagoan lehen gela murgiltzailea dau eta enpreseak presentzia indartuko dau, daborduko hamar hileta-zentro baititu.
Hilebete luzez, Donostiako biztanleek eta bisitariek estaduko eta nazinoarteko artista entzutetsuek egindako proposamen kultural honetaz gozetako aukerea izango dabe. Eskulturek bizitearen, gomutearen eta artearen omenaldi bihurtuko dabe uriaren erdialdea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!