Martin Lopez de Isasiren jaiotzearen 5. mendeurrena ospatuko dabe

Bizkaie! 2025-10-01 12:40   Kulturea

Horregaitik, hitzaldi bi atondu ditue.

Markeskua Jauregiko armarriaren argazkia. | Ikusi handiago | Argazki originala

500 urte betetzen dira Martin Lopez de Isasi (1525-1597) eibartarra jaio zala. XVI. mendeko merkatari ospetsua izan zan, Felipe II.aren gorteko kidea izatera heldutakoa. Gainera, negozioak Sevillara hedatu zituan.

Merkatari eibartarra XVI. mendeko bigarren erdiko gizartearen eta ekonomiaren adibide garbia da. Gipuzkoako familia ospetsu bateko semea zan eta horrek lidergo ekonomiko zein soziala izateko bidea edegi eutson, beste hainbat merkatariri bezela. Orokorrean, merkatari euskaldunek ospe ona eben garaiko noblezian eta eibartarra horreetako bat izan zan. Ikerlari askok persona ausarta eta nekatuezina zala adierazoten dabe, Isasiren izena garaiko negozio gehienetan topau dabe-eta. Haren ekarpena ez zan merkataritzara soilik mugatu, udal-politikan zeresan handia izan ebala argi dago, Errenazimenduko euskal gizonaren eredu garbia izanik.

1593. urte inguruan Martin Lopez de Isasi eta Domenja Orbea izan ziran Eibarren hain ezaguna dan Markeskua Jauregia eregi ebenak. Antxinako torretxe eta jauntxoen etxeen eredua da.

Urteurrena ospatzeko, hitzaldi bi atondu dira Markeskua Jauregian. Lehenengoa Gotzon Garmendiak emongo dau. Garmendiak 2019an Martin Lopez de Isasiren inguruko doktore-tesia aurkeztu eban Las Palmas de Gran Canariako Unibersidadean. Finantza-ekonomiako irakaslea da Euskal Herriko Unibersidadean eta Isasiren merkatari figurea landuko dau. Bigarren hitzaldia Javier Elorza eta Jose Antonio Azpiazu historialariek emongo dabe, Isasiren garaiko gizartea eta ondarea jorratuz. Historialari biak oso ezagunak dira Eibarren eta Ego Ibarra batzordeagaz alkarlanean ibili dira askotan.

Egitaraua

  • Urriak 9 (19:00) - Martin Lopez de Isasi: empresario moderno vasco. Hizlaria: Gotzon Garmendia EHUko Finantza-Ekonomiako irakaslea.
  • Urriak 16 (19:00) – Martin Lopez de Isasi: jatorria, ibilbidea eta ondarea Eibarko eremuan. Hizlariak: Javier Elorza eta Jose Antonio Azpiazu historialariak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu