Musika Bulegoak eta MUk hitzarmena sinatu dabe kulturearen arloan ikerketea bultzatzeko
2025-10-01 12:17 KultureaKultur eta Sormen Industrietako Gradu barrian ibiliko dira lankidetzan.

Musika Bulegoa alkarteak eta Mondragón Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe, kulturearen arloan prestakuntzea eta ikerketak bultzatzeko. Akordioa Aretxabaletako campusean sinatu dabe Iker Duranak eta Amaia Ispizuak —Musika Bulegoko zuzendari kudeatzailea eta zuzendaritzako kidea, hurranez hurran—, eta Mondragon Unibersidadearen aldetik, Nagore Ipiñak eta Xabi Igoak —Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko dekanoa eta fakultadeko komunikazino-arloko zuzendaria, hurranez hurran—.
Sinatutako hitzarmenaren helburua da erakunde bien arteko lanaren oinarria finkatzea, besteak beste, kulturearen sektorearen prestakuntzan eta ikerketan, eta erakunde biek musikearen sektorean eragina izatea.
Hitzarmenean aurreikusi danez, erakunde biek alkarlanean jardungo dabe Mondragón Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadea ikasturte honetan emoten hasi dan Kultura eta Sormen Industrietako Gradu barrian. Horren ondorioz, musikearen sektoreko profesionalek parte hartuko dabe graduan. Ikasleek alkartean egin ahal izango ditue praktikak eta gradu-amaierako lana. Azkenik, erakunde biek adostu dabe kulturearen arloko ikerketak eta prestakuntzea sustatzea, baita sortu daitekezan beste proiektu batzuetan lankidetzan jardutea bere.
Dokumentua sinatu ondoren, Iker Durana Musika Bulegoko zuzendari kudeatzaileak adierazo dauenez, hitzarmen honek aukerea emoten deusku musikearen sektorearen errealidadea unibersidadera hurreratzeko, eta alkarregaz lan egiteko, ikasleek jardunean dagozan profesionalakaz ikasi deien. Badakigu lankidetza horrek barrikuntzea sustatu eta gure inguruko kultura-sarea indartuko dauela.
Bestalde, Nagore Ipiñak, Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko dekanoaren eretxiz, kulturearen eta sormenaren arloetako industriaren oinarrizko eragilea da Musika Bulegoa eta hartu-emon horreek modu bitan izango dau eragina: alde batetik, ikasleek sektore profesionala ezagutu ahal izango dabe eta, bestetik, sektore profesionalaren beharrei erantzuteko aukera bat da.
Ekitaldiaren amaieran, erakundeetako ordezkariek esan dabenez, espero dogu lankidetzea emonkorra izatea eta etorkizunean bion artean kultura eta hezkuntza-arloko proiektuak sortzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!