'Gizarte eta Garai likidoak'
2025-10-01 10:08 KultureaSormene urriaren 4tik 12ra.

Espazio inklusiboa da Sormene, sortzaile barriek eta ibilbide luzeko artistek, emakume sortzaileek eta arte garaikide zein tradizionalaren adierazpenek bat egiten daben gunea. Identidadea, transmisinoa eta aniztasuna ardatz hartuta jaio zan eta edizino bakotxean euskerearen eta euskal kulturearen aurrean konpromisoa zabaltzen eta sakontzen jarraitzen dau, lau lan arlotan: sormena, plazak, komunikazinoa eta transmisinoa. Azken edizinoetan transmisinoan jarri da arretea, Galdakaoko eta Euskal Herriko eragileakan ardurea zabaldua dalako. Esangura horretan, euskal kulturea belaunaldi barriei zabaltzeko lanak jarraitzen dau baina aurtengo edizinoan genero barritzaileak txertatu dira, besteak beste, musika elektronikoko tailerrak eta opera baten sorkuntza prozesuaren inguruko xehetasunak.
Kontuak kontu, Garai eta gizarte likidoak izena hartu dau aurtengo edizinoak. Holan, ziurbakotasun garaiari zuzendutako sorkuntzea bultzatu eta konbidau nahi izan dau Galdakaoko Udalak, erreferente sendoen galerea, gizartean egoteko eta militetako modu barriak, hartu-emon iraunkorrak eregiteko trabak, estresa eta ansiedadea, konsumoa igesbide lako gaiak landuz. Hori guztia zazpi ikuskizunetan erakutsiko da, ikuspegi ezbardinetatik ekinez, berbea oinarri daben ikuskizunen, zinearen, jantzearen eta bestelako adierazpideen bitartez.
Sormena guztiontzat
Egitarauari jagokonez, urriaren 11n, herriko literaturgileek saio literarioa eskainiko dabe Gandasegiko arkupeetan, Sandra Fernandez musikaria ondoan dabela. Edizino honetarako beren-beregi idatzitako testuak irakurriko ditue, Leidu irakurle taldeagaz alkarlanean mimo handiz atondutako ekitaldian. Ekitaldiaren ostean erregalauko ditu Leiduk ekitaldian parte hartuko daben idazleen liburuak Liburuak opari ekimenean.
Euskal Herrian ezagunak diran hainbat lagun izango dira Galdakaon, bertoko sortzaileez gan: urriaren 7an, Maialen Lujanbiok rr_6_erre(AH)ala, bere errezitaldi poetiko-bertso-performatibo-irakurri-ikus-entzutekoa, aurkeztuko dau.
Urriaren 12an, Karmele pelikulea emongo da Torrezabal Kultur Etxean; Asier Altuna zuzendaria bera etorriko da Galdakaora eta bere azalpenak zuzenean entzun eta beragaz mahai-inguruan parte hartzeko aukerea izango da. 1937an girotutako filmak edizino honetako gai nagusiagaz bat egiten dau, gerraren eta erbestealdiaren testuinguruan euskal kultureak izan dauen zereginari buruzko hausnarketea eginez.
Baina danak ez dira helduentzako proposamenak izango; jaialdiari ekiteko Semaforoa umeentzako ikuskizuna izango da, Logela Multimedia konpainiaren eskutik, urriaren 4an.
Bestalde, urriaren 9an, Exodus operearen inguruan barriketaldia egingo da. Ane Legarreta orkestra zuzendari galdakoztarrak emon ditu ekitaldiari buruzko azalpenak. Euskerazko ahapaldiak dituan lehen opera esperimentala da, eta bertan Jon Saenz konpositoreak, Hegoa Alvarez idazleak eta Ane Legarreta zuzendari galdakoztarrak sorkuntza prozesuaren nondik norakoak konpartiduko ditue DBHko ikasleakaz. Azkenik, gazteek musika elektronikora gerturatzeko tailer praktiko batean parte hartu ahal izango dabe, Dantz kolektiboak eskainitako jantza saio baten bidez.
Egitaraua
- Urriaren 4an, zapatuan, arratsaldeko 18:00etan, Semaforoa, Logela Multimedia konpainiaren umeentzako ikuskizuna izango da Torrezabal Kultur Etxean. Sarrerak dagoeneko eskuragarri dagoz Torrezabalen eta Udalaren webgunean.
- Urriaren 7an, martitzenean, 19:30ean, rr_6_erre(AH)ala, Maialen Lujanbioren errezitaldi poetiko-performatibo-ikus-entzunezkoagaz disfrutetako aukerea egongo da, Gandasegiko arkupeetan. Sartzea doban.
- Urriaren 8an, eguaztenean, 18:00–20:00. Musika elektronikoko tailer praktikoa, 15 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, Dantz kolektiboagaz, Urretako Topagunean. Izen-emotea: sormene@gmail.com.
- Urriaren 9an, eguenean, 11:30ean Exodus operearen inguruko barriketaldia. Musikaz lagunduta izango da. Jon Saenz, Hegoa Alvarez eta Ane Legarreta izango dira hizlari. DBHko ikasleei zuzendutako saioa.
- Urriaren 10ean, barikuan, 20:00etan. La Sala Jantza Konpainiaren 10. urteurrena, Torrezabal Kultur Etxean. Sarrerak dagoeneko eskuragarri dagoz Torrezabalen eta Udalaren webgunean.
- Urriaren 11n, zapatuan, 12:30ean, askotariko errezitaldia: Gizarte eta Garai Likidoak Galdakaoko literatura idazleen begiradea ardatz. Idazleak: Irati Bediaga, Josi Basterretxea, Libe Goitia, Joanes Urkixo, Karlos Aretxabaleta eta Arkaitz Estiballes. Musikea eta kantua: Sandra Fernandez; Gandasegiko arkupeetan. Ondoren, liburua opari ekimena, ekitaldian parte hartuko daben egileen liburuak eskuratzeko modua izango da.
- Urriaren 12an, zapatuan, 19:30ean, Karmele filmaren estreinaldia eta mahai-ingurua Asier Altuna zuzendariagaz, Torrezabal Kultur Etxean.
Torrezabal Kultur Etxean, Gandasegiko arkupeetan eta Urretako Topagunean izango dira ekimenak. 2020an sortu zenetik, euskarazko kultur sorkuntza mota guztietarako plaza edegia da Sormene, arlo horretan Galdakao erreferente bihurtuz.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!