Badator Zeanuriko Kofradien arteko Bola Txapelketea
2025-09-30 08:41 KirolaUrriaren 4an, Altzustako bolatokian.
Urriaren 4an, zapatuan, arratsaldeko 17:30etik aurrera Altzustako bolatokian jokatuko da Zeanuriko kofradien arteko bola txapelketea.
Udalerria osotzen daben zazpi kofradietako ordezkariak hartuko dabe parte taldeka jokatzen dan txapelketan: Altzuak, Altzustak, Asterriak, Ibarguenek, Ipiñaburu-Undurragak, Otzerinmendik eta Uribek.
Udan bakarkako txapelketa jokatu zan eta Jaime Gartziak jantzi eban txapela. Urriaren 4an taldekakoa jokatuko da. Taldea 4 bolarik osotuko dabe eta bakotxak 6 jaurtiketa egingo ditu eta taldekide guztiak botatako txirloen batuketea hartuko da kontuan; beraz, txirlo gehien botaten dauan kofradia izango da irabazlea eta bardinketea egongo balitz, gerrea jokatuko litzateke.
Igaz Altzusta izan zan irabazlea, 18 txirlo botata. Bigarren Otzerinmendi eta Asterria sailkatu ziran, 16 eta 15 txirloekaz hurranez hurran.
Tradizino handiko kirola
Bola jokoa gaur egun kirol minoritarioa bada be, antxinan oso ezaguna eta zabalduta egoan jokoa zan. Azken urteetan ehunka bolatoki galdu dira eta, batez be, belaunaldiz belaunaldi kultura-transmisinoa eten da.
Bola joko modalidade asko dagoz Euskal Herrian zein Estaduko beste toki batzuetan. Bizkaian bakarrik zenbatu daitekez hamabost bat modalidade, batzuk jada desagertuak. Modalidade bat Zeanurin jokatzen dana da. Udalerri horretan gaur egun dagozan bolatokiak auzune edo kofradietako baseleiza batzuen ondoan dagoz, eta urtean behin jokatzen da bertan, baseleizaren jaiegunean.
Zeanuriko bolatokiek 19 eta 26 metro arteko luzeerea daukie gutxi gorabehera, eta 2,50 eta 3,50 metro arteko zabalera. Jaurtiketearen eremuan, boleagaz jo behar dan ohola dago, eta bolak ez badau egur horretan jotzen edo taularen marratik harago jotzen badau, sinka da, eta jaurtiketea ez da baliozkoa. Ezkerraldean, bolatokiaren erdiaren inguruan, hesola txikia dago (katxine), eta jaurtiketeak hesola horretan jotzen badau, jaurtiketa hori be ez da baliozkoa.
Bolatokiaren amaieran lau txirlo jartzen dira, hiru tamaina berekoak (40 zm ingurukoak) eta beste bat txikiagoa (20 zm ingurukoa), azken hau besteen ezkerraldean. Txirloen atzean zubile izeneko enborra dago, bolatokiaren amaiera edo topea adierazten dauana. Boleak ez badau muga hau jotzen jaurtiketea baliobakoa izango da eta txorra izan dala esaten da. Topearen ondoan persona bat jartzen da, normalean mutiko bat (etxerue), bolaria dagoen tokira bola itzultzeaz eta txirloak zutunik bere lekuan jarteaz arduratzen dana. Jokoaren amaieran eskupekoa jasotzen dau irabazlearen eskutik.
Jokoa txirloak botatzean datza eta bakotxak puntu bat balio dau. Boleagaz ezkerreko txirloa botatzen bada, ez da punturik lortuko. Puntua baliozkoa izateko ezkerreko txirlo txiki hori hiru handietako batek bota behar dau.
Bolariak jokatu aurretik, diru-kopuru txikia itxi behar dau (euro bat edo bi), arrapea izenekoa. Ordaindu ondoren, hiru bola jaurtitzeko eskubidea dauka eta irabazleak parte-hartzaile guztiek jarritako dirua eroango dau.
Zeanurin arrapea jokatzeaz gan, herriko banakako txapelketea jokatzen da honako bost bolatoki honeetan: Altzuan; Undurragan; Ipiñaburun; San Juston eta San Lorentzon. Lehen hiru sailkatuek banakako finala jokatuko dabe San Lorentzo bolatokian jaiegunaren biharamunean. Aurtengo txapelduna Jaime Gartzia izan da.
Denporaldiari amaierea emoteko, Altzustako San Migel baseleiza ondoko bolatokian taldekako txapelketea jokatzen da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!