Ofizialtasunaren Agendan lanean dabil Eusko Jaurlaritzea

Bizkaie! 2026-06-05 07:39   Kirola

Kirol-zuzenbideko adituakaz batzartu da.

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak kirol-zuzenbidean eta nazinoarteko araudian espezializautako legelariak batu ditu, euskal kirol-selekzinoen ofizialtasuna ardatz izan dauen lan-bileran. Bertan parte hartu dabe ospe handiko legelari honeek, besteak Beste, Juantxo Landaberea, Juanjo Álvarez, Juan Carlos Soto, David Salinas-Armendariz eta Javier Cortazar.

Lehendakariordeagaz batera izan dira Gorka Iturriaga, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria eta Elisabeth Altube, zuzendaritzako legelaria. Angel Gurrutxaga Euskal Kirol Federazinoen Batasuneko presidenteak be parte hartu dau, entzule, hain zuzen be.

Euskal Selekzinoen Ofizialtasunaren Agendearen barruan egin da batzarra; arlo hori Eusko Jaurlaritzearen lehentasun estrategiko bat da. Eusko Jaurlaritzeak nazinoartean estadurik bakoko nazinoetako federazinoen egoerea aztertzeko eskatutako txostena aberastea eta egiaztatzea izan da bilerearen helburua.

Lehendakariordeak beren-beregi eskertu dau legelarien parte-hartzea. Nabarmendu dauenez, Eusko Jaurlaritzea osotzen dogunontzat oinarrizkoa da kirol-zuzenbidearen arloan lan egiten dabenen esperientzia eta ezagutzea izatea. Zuen ekarpena nahitaezkoa da txostenaren zorroztasuna, sendotasuna eta baliogarritasuna bermatzeko.

Gaiaren harian, Imanol Pradales Lehendakariak euskal federazinoakaz zemendiaren 10ean, Ofizialtasunaren Agendearen aurkezpenaren esparruan, hartutako konpromisoaren emoitzea da txostena. Dokumentu horrek nazinoarteko federazinoen araudia aztertzen dau, beste kide batzuk onartzeari jagokonez eta estadurik bako nazinoei arreta berezia eskaintzen deutso, bai eta hareen selekzinoek nazinoarteko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko baldintzei be. Txostena 2004an enkargau eta 2014an eguneratu zan. Orain, analisi barri honen asmoa da beste diagnostiko bat egitea eta, holan, esparru eguneratu bat ezartzea.

Helburua bikotxa da: indarrean dagoan alde juridikoak ofizialtasunean aurrera egiteko eskainitako aukerak identifiketea eta nazinoarteko kirol erakundeen, euren funtzionetako erispide eta aukera barrien agertoki eguneratua eskaintzea.

Prozesu konplexua: estrategia eta koordinazinoa beharrezkoak dira Bengoetxeak adierazp dauenez, euskal selekzioen ofizialtasuna lortzea ez da borondate kontua bakarrik, prozesu konplexua da, eta estrategia, ezagutza eta lan koordinatua behar ditu, hainbat mailatan.

Esangura horretan, lehendakariordeak gogora ekarri dau ofizialtasuna lortzeko bidean hainbat dirala emon beharreko pausuak: euskal federazino bakotxak borondatea beren-beregi adierazotea; Estaduko marko juridikoagaz bat etortea eta, azkenik, nazinoarteko federazinoek onartzea. Bengoetxeak azpimarratu dauenez, aldarrikapen sozialaz eta selekzinoakazko pertenentzia-sentimenduaz gan, helburu horretan aurrera egiteko faktore erabagigarriak izango dira estrategia, arau-markoa ezagutzea, aurrez egindako lana, hartu-emonak, konplizidadeak eta diplomazia.

Eusko Jaurlaritzeak lan arlo hori lantzen jarraituko dau datozen hilabeteetan, kirol-federazinoakaz eta eragile espezializatuakaz lankidetzan, beste estrategia batzuk diseinetako. Helburua da Euskadik nazinoarteko kirolean dauen presentzia eta autorpena handitzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu