Bilboko alkateak traineru barria emon deutso Deustu Arraun Taldeari

Bizkaie! 2026-06-04 09:04   Kirola

Trainerua Orioko Amilibia ontziolan fabrikau dabe.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi Itxaso Errotetagaz batera, traineru barria emon deutso San Inazioko instalazinoetan, estropaden ACT Ligan lehiatzeko.

Trainerua arraun-ontzi tradizionala da, 12 metroko luzerea da eta 200 kiloko pisua; karbono-zuntzez eta epoxi erretxinez eginda eta arraunaren kategoria gorenean lehiatzeko homologauta dago. Trainerua Orioko Amilibia ontziolan fabrikau dabe, traineruak egiten espezializautako lantegian. Gaur egun, estropaden lehiaketa nagusietan dabizen ontzi gehienak ontziola horretan egin ditue.

2025-2028 aldirako Bilboko kirolerako estrategiaren arabera, arraunlaritzea, pelotea, herri-kirolak, txirrindularitzea eta errugbia uriko kirol estrategikoak dira, Bilboko eta Euskadiko kirol-tradizinoaren eta nortasunaren parte diralako.

Arraunlaritzearen kasuan, 2025-2028 aldirako, Bilboko kirolerako estrategiak Deustu Arraun Taldeari eta arraun-eskoleari laguntzea erabagi dau, Arraun Taldea ACT Ligara igoteko helburuagaz, Bilbo diziplina horretako erreferente izan daiten. Traineru barri hori eskuratzea oinarrizko mugarria da helburua lortzeko.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak azpimarratu dauenez, Bilboko Udalak arraunlaritzearen alde egiten dau, kirol estrategikoa eta herrikoa dalako. Esangura horretan, Aburtok berretsi egin dau Udalak Deustu Arraun Taldeagaz dauen konpromisoa: bat gatoz haren kirol-proiektuagaz eta helburu guztiakaz; badakigu helburuotan aurrera egiteko kalidadezko instalazioak behar ditugula eta, instalazino horreetan, nahikoa espazio eta arraunean ahalik eta baldintzarik onenetan ibilteko behar dan guztia behar dogu. Instalazinoak badagoz eta orain traineru barria be badago, aurrerapausu handia Bilboko kirol-estrategian.

Deustu Arraun Taldea

Bilboko arraun talde bakarra da. Kluba 1981ean sortu zan, Zorrotzaurreko erriberako lonja batean. Ondoren, Deustuko zubiaren azpian kokatu zan, autobusen garajeen ondoan eta Deustuko HZIaren ondoan. 1983an, Deustuko Botikazar erriberako antxinako garagardaotegiaren instalazinoetan ibili ziran, dagoeneko desagertuta dagoan zamalekuaren ondora eta, han, uriole material guztia suntsitu eben. Zorionez, 1984an inaugurau eben Deustuibarreko 10. zenbakiko udal-pabilioia.

Gaur egun, 200 persona inguru dagoz klubean: Arraunlariak eta klubeko entrenatzaileen taldea eta zuzendaritzako hogeita hamar persona.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu