Rakel Mateok paratriatloitik paraeskaladara egin dau salto
2026-05-21 08:55 KirolaLos Angeles 2028ra begira dago Basque Teameko kirolaria.
Rakel Mateo (Mungia, 1975-06-13) kirolariak paratriatloian egindako ibilbide nabarmenari amaierea emotea erabagi dau, beste kirol erronka bati ekiteko: paraeskaladeari. Mungiarrak, nazinoarte mailan kirol egokituaren erreferenteak, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak eta Olatz Legarza Basque Team Fundazinoko koordinatzaileak izan ditu lagun agerraldian; Basque Team Zentroan (Getxo) iragarri dau bere ahaleginak diziplina barri honetan oinarrituko dituala orain, asmo handiko helburuagaz: 2028ko Los Angeleseko Joko Paralinpikoetan lehiatzea.
Paratriatloian urteak emon ondoren, nazinoarteko figura ospetsuenetako bat izatea lortu arren, Mateok aldaketa horri bere karrerearen bilakaera natural lez aurre egingo deutso. Etapa barri honetan be bere ohiko babesleen laguntzea izango dau: maila fisikoan eta mentalean motibauko ninduan beste erronka bat behar neban eta eskaladearen eskakizun teknikoa eta estrategikoa azpimarratu ditu pausua emoteko arrazoien artean.
Orain arte Rakelek upealakoak egin behar izan ditu goi-mailako kirol jarduerea eta Lantegi Batuak-en egindako lana buztartzeko. Hori ez da oztopo izan jardunaldi amaibakoak moltsotu eta hiru ziklo olinpiko kateatzeko, Rio de Janeiro 2016, Tokio 2020 eta Paris 2024, hain zuzen be; horrezaz gan, izan eban lan-istripuaren ondorioz lesionautako hankearen bilakaereak eta mozketeak eragindako arazo ugariei aurre eginez tartean. Rakelek bere burua motibetan jakin dau beti.
Hiru Paralinpiar Jokoetan diploma bi eta hamargarren postu bategaz bueltau da Mateo. 2021ean Abu Dhabiko Munduko Txapelketan lortutako laugarren postua eta Europako txapelketetan lortutako lau dominak (brontzezko hiru eta zidarrezko bat) be nabarmentzen dira bere ibilbidean.
Transizinoa ez da erraza izango, baina Basque Teameko kirolaria prest dago barriro egokitzeko: nire bizitzako etapa bat zarratu baina hurrengoa be maite dot. Ez dot kirola itxiko, adierazo dau.
Paraeskaladeak trebetasun espezifikoak, abilezia tekniko zehatza eta prestakuntza oso bideratua eskatzen ditu, baina Mateok dagoeneko ekin deutso egokitzapen-prozesuari entrenamendu intensiboakaz eta bere taldearen babesagaz. Goi-errendimenduan aurretik izandako esperientzia eta gainditzeko dauen gaitasuna berme garrantzitsuak dira bide barrian. AL2 klasean lehiatuko da (desgaitasuna beheko gorputz-adarretan).
Paraeskaladeak 2028ko Los Angeleseko Joko Paralinpikoetan egingo dau debuta, programako 23 kiroletako bat izanik. 80 atleta inguru espero dira zortzi domina-ekitalditan lehiatzen, hainbat desgaitasun fisiko eta bisual ordezkatuz. Hitzordua aukera historiko lez aurkeztu dabe. Rakel Mateok han egon nahi dau eta maila gorenean lehiatu, mugak gainditzeko dagozala erakutsiz.
Gorka Iturriagak azpimarratu dauenez, Rakel indarraren eta perseberantziaren sinonimoa da, gure herrian oso bereizgarria dana. Gure enbaxadorea izan da nazinoartean askotan eta guretzat ohorea da mugarik bako anbizino horregaz jarraitzen dauela ikustea, erreferente bat baita belaunaldi barrientzat.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
