Surne Bilbao Basket taldeak omenaldia jaso dau
2026-05-22 11:22 KirolaGernikako Batzar etxean izan da Europako Kopako titulua irabazteagaitik.
FIBA Europe Cup txapelketako finala irabazi ostean, taldeko ordezkaritzea Gernikako Batzar Etxera joan da, Isabel Iturbe March presidentea, Jaume Ponsarnau entrenatzailea eta Zuzendaritza Batzordeko kideak, talde teknikoa eta plantilla osoagaz.
Ana Otadui Biteri Batzar Nagusiak erakundeko buruak, Mahaiko kideek, Batzar Nagusietako taldeetako bozeroaile eta batzarkideakaz batera, eskerrak emon gura izan deutsee Bilboko taldeari, gaur barriro be Gernikako Arbolara hurreratzeko egin dauen keinuagaitik, titulu kontinentala irabazi ebenetik jaso dituan omenaldi ekitaldi ofizialei amaierea emoteko. Sinbolo honen antza hartzen hasi zarie: sustraiak,
nortasuna eta irauteko bokazinoa dituan taldea, azpimarratu dau Otaduik, eta edizino bitan jarraian garaikurra eskuratzea lortzen dauen lehenengo taldea izateak dakarren mugarria ekarri dau gogora. Esan dauenez, ahaleginaren jarraitutasuna, ondo egindako lanaren konstantzia eta konformetan ez dan talde baten anbizinoa autortu gura dira.
Ekitaldia haretxaren babespean eta garaikurra lekuko dala egin da eta Bizkaia osoak txapeldunei omenaldi txikia egiteko balio izan dau. Orain dala aste batzuk talde bilbotarrak bere historiako bigarren titulu kontinentala lortzeko indarrez eta ilusinoz bultzatu eban lurraldea. Horregaitik, Batzar Nagusiak erakundeko burua zale guztien esker ona adierazo gura izan dau: gaur, Bizkaiak ez dau titulu bat bakarrik ospatzen, gauzak egiteko modu bat ospatzen dau. Gure onena ordezkatzen dauen taldea ospatzen dau: lana, apaltasuna, anbizinoa eta komunidadea. Harro gagoz, arabere gehiago, Bizkaiko foru barriaren 500 urteak ospatzen diran astean, esan dau Bilboko klubeko presidenteak. Iturbek Gernikako Arbolea ureztatzearen garrantzia aitatu dau, hazten jarraitzeko eta lantzean behin kopa hau lako fruturen bat jaso daigun. Amaitzeko, harrerea eskertu eta azpimarratu dauenez, titulua Bizkaia osoarentzat da, baita Gernikako herri honentzat be.
Esker oneko berben ostean, Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Surne Bilbao Basket Gernikako haretxaren azpiko familia argazkia egiteko sano pozik egon dira, igaz titulu bera irabazi eben-eta. Egin ebena gogoangarria izan zan eta klubeko presidenteak eta entrenatzaileak Batzar Etxeko Ohorezko Liburuan sinatu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
