'Hamar urte euskal emakume artistak ikusarazten: artea eta feminismoa' erakusketea Leioan
2025-09-29 12:42 KultureaBihartik aurrera, EHUko Arte Ederren Fakultadean.

Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Arte Ederren Fakultadeko Artea, Ikerketa eta Feminismoak (AIF) ikerketa taldeak Artxiboa Proiektuaren hamargarren urteurrena egingo dau, euskal emakume artista garaikideen ibilbidea jaso eta zabaltzen dauen biltegia. Hamarkadea ospatzeko, AIFek programazino berezia atondu dau, bihar, irailak 30, Arte Ederren Fakultadeko Erakusketa Aretoan eta korridoreetan hasiko da eta urriaren 15era arte iraungo dau.
Aurton, artista barri bi egongo dira artxiboan: Nerea Lekuona eta Txaro Arrazola. Beraz, hogeita hamar emakume artista baino gehiagok osotuko dabe proiektua. Urteurrenean, gainera, hitzaldi zikloa egingo da urriaren 7an, ikasgeletan ikuspegi feminista txertatzen aitzindari izan diran hiru emakumek emona: Adelina Moya, Lourdes Méndez eta Rosa María Andreu.
Artxibo Proiektuaren ildo nagusietako bat haren web orria da, urtero artistak erregistretan dituana, grabauta geratzen diran hitzaldien bidez: argazkigintzan, pinturan, performancean eta beste diziplina batzuetan ibilbide anitza eskainiz.
Inaugurazino ekitaldian, bihar, hilak 30, eguerdiko 12:00etan, Artxibo Proiektuaren parte diran artisten 29 bideoak ikusi ahal izango dira eta obren erreprodukzinoak fakultade osoan zelan geratu diran ikusiko da. Ekitaldira ondoko persona honeek konbidadu ditue: Artxibo Proiektuan parte hartu daben 29 artista guztiak, Estitxu Garai (Bizkaiko Campuseko eta Komunikazinoko errektoreordea), Ismael Manterola (Arte Ederren Fakultadeko dekanoa), Margaret Louise Bullen EHUko Bardintasun Zuzendari, Enara Agirre Arrizabalaga EHUko Bardintasun teknikaria, Edurne Gonzalez Arte Ederren Fakultadeko Unibersidade Hedakuntzako eta Agiri Kulturaleko arduraduna, Nerea Aranguren EHUKulturako teknikaria eta AIFko kideak.
Hamargarren urteurrenaren ospakizunak narratiba barriak sortzeko beharra azpimarratzea eta emakume artistei ikusgarritasuna emotea dau helburu, izan be, emakume artisten presentzia mendeetan zehar baztertu da artearen historian. AIFren ustez, Artxibo Proiektua ikerketea, memoria eta kulturearen zabalkunderako tresnea da, kontakizun tradizionalak zalantzan jarten eta historiografia bidezkoago eta inklusiboagoa eregiten laguntzen dauena.
Programazinoak Bilboko Rekalde Aretoan jarraituko dau 2026an, apirilaren 23tik maiatzaren 14ra, eta bertan, mahai-inguruak, tailerrak eta saioak egingo dira, artistek euskal artearen historiografian daben zereginari buruzko gogoeta zabaltzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!