Usue Mori Carrascal ikertzaile eta irakasleak jaso dau aurtengo Gladys Saria

Bizkaie! 2025-09-29 07:50   Kulturea

Adimen artifiziala gizartearen ondoizaterako urratutako bidea nabarmendu dau epaimahaiak.



Usue Mori Carrascal (Donostia, 1987) izan da Gladys Sariaren V. edizinoko irabazlea, eta puntueus eta Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Informatika Fakultadearen eskutik jaso dau garaikurra EHUko Informatika Fakultadean egindako ekitaldian.

Morik jakintzearen transferentziaren alde egindako lana nabarmendu dau epaimahaiak: haren proiektuek adimen artifizialaren ikuspegi soziala indartzen dabe eta ezagutzearen emoitzak praktikara eroaten ditue, gizarteak horreen onurea zuzenean jaso daian; haren jardunak erakusten dau ikerketak ez dirala zertan akademiaren barruan geratu behar, eta teknologia eraldatzaileak gizartearen zerbitzura jarri daitekezala.

Usue Moriren esanetan, adimen artifiziala gure artean dago eta danok izan beharko geunke zeresana: zelako adimen artifiziala eta zertarako nahi dogun. Ez geunke itxi behar adimen artifiziala teknologia-enpresa handien esku. Helburu horregaz AAren transferentzia gizarteko hainbat eremutan gauzatzen doa, eta aldi berean, jente askoren parte-hartzea eta aktibazinoa sustatzeko kapazidadea autortu deutso epaimahaiak.

Usue Mori Carrascal (Donostia, 1987)

EHUko irakasle agregatua da, Konputazino Zientziak eta Adimen Artifiziala sailean, eta 2024ko irailetik aurrera Adimen Artifizialeko graduko koordinatzailea be bada. Matematikan lizentziatua da eta hainbat master egin ditu, besteak beste, modelizazino matematikoan, sistema adimendunetan eta irakaskuntzan. 2015etik irakasle da unibersidadean.

Ibilbide akademiko oparoaz gan, Morik ikerketa akademikotik harago joateko hautu ausarta egin dau. Helburuak dira argitalpen zientifikoen kopurua handitzea eta eta adimen artifiziala gizartearen benetako beharretara egokitzea, eta ezagutza praktikara eroatea dira.

Morik berak autortu dauenez, orain gitxira arte bere lan-ildoa ikerketa hutsa zan, ikerketa horrek gizartean izan leiken inpaktuari erreparau barik. Orain, barriz, haren kezka nagusia da egiten dauen lana gizartearen onurarako izatea.

Genero-ikuspegidun saria

V. edizinoa bete barri dauen Gladys Sariak ingurune digitalean dabizen emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten daben lana jentarteratzea dau helburu. Esangura horretan, teknologiaren arloan hasi nahi daben neska gazteei zuzendu jake aurtengo sariduna: nahi dozuena egin, egiten dozuen horregaz disfrutau; eta lantzean behin gogor jokatu, ez isildu.

Puntueus Fundazinoak eta EHUko Informatika Fakultadeak sustatzen daben ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusia dau eta lagun ditu Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazinoa, EITB eta EHUko Bardintasunerako zuzendaritzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu