Lauaxeta Olerki Lehiaketea: sormenaren eta berben topagunea

Bizkaie! 2025-09-26 12:20   Kulturea

Aurton, Lauaxetaren Liparra olerkiaren izenburua hartu da gaitzat.

Kultura eta poesia barriz be alkartuko dira Lauaxeta Olerki Lehiaketearen aurtengo edizinoan. Euskal literaturearen XX. mendeko ahots garrantzitsuenetako bat izan zan poeteari autortzea egiten deutson lehiaketeak euskerazko sorkuntza literarioa sustatzea eta poesiari beste erakusleihoa eskaintzea dau helburu nagusi.

Lehiaketeak aukerea emongo deutse idazle eskarmentudunei eta belaunaldi barriei, euren lanak plazaratzeko eta publiko zabalagaz partekatzeko. Aurton, Lauaxetaren Liparra olerkiaren izenburua hartu da gaitzat. Parte-hartzaileek gai horren interpretazino librea egin beharko dabe, beti be, jatorrizkoak eta argitaratu bakoak diran olerkiak osotuta.

Epaimahaia literaturea eta poesian adituak diran kideek osotuko dabe eta lan bakotxaren kalidade literarioa, jatorrizkotasuna eta adierazkortasun artistikoa baloratuko dira. Irabazleak 800 euroko saria jasoko dau eta bigarrenak 500 eurokoa.

Urtez urte, Lauaxeta Olerki Lehiaketea kultur ekimen erreferente bilakatu da, memoria, nortasuna eta gaur egungo sormena buztartuz. Aurtengo deialdiak espiritu hori berretsi eta barritzen dau, euskerearen, literaturearen eta adierazpen poetikoaren aldeko konpromisoa indartuz.

Parte hartu nahi dabenek lehiaketearen oinarriak eta beharrezko informazino guztia hemen izango ditue.

Lauaxeta Olerki Lehiaketearen bidez, idatziko berbearen balioa azpimarratu, sormen indibiduala sustatu eta euskal kulturarekiko konpromiso kolektiboa barritu gura ditu Mungiako Udalak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu