Leire Bilbaok Ume eta Gazte Literaturako Sari Nazionala jaso dau

Bizkaie! 2025-09-26 08:23   Kulturea

Klera (Elkar) lanagaitik.

Leire Bilbao Barruetabeñak Ume eta Gazte Literaturako Sari Nazionala jaso dau, Klera (Elkar) lanagaitik. Kultura Ministerioak emoten dauen saria 30.000 eurokoa da. 

Epaimahaiak Klera lana aukeratu dau, edertasun poetikoagaitik, egileak, hainbat diziplina artistikotan oinarrituta, batez be ilustrazinoan, kulturearen, bakearen eta bizikidetzearen aldeko konpromiso inplizitua dauen proposamena aurkezteko, gatazka, gerra eta heriotzea lako gai gordinei helduz, umeentzat ulergarriak izan daitezan.

Kultura Ministerioak emoten dau saria, Estaduko edozein hizkuntza ofizialetan idatzitako eta joan dan 2024an Espainian argitaratutako Espainiako egile baten obrea bereizteko.

Mónica Rodríguez saritu eben igaz eta saridunen zerrenda zabal batean sartu zan, besteak beste, Rafael Salmerón, Beatriz Giménez de Ory, Raimon Portell i Rifà, Juan Kruz Igerabide eta Ledicia Costas.

Leire Bilbao

Leire Bilbao (Bizkaia, 1978) Zuzenbide Ekonomikoan lizentziaduna da Deustuko Unibersidadean.

2006an Ezkatak lehen poema-liburua argitaratu eban, 2011n Scanner, 2018an Entre escamas poema-liburu elebiduna eta 2020an Etxeko urak.

Umeentzako liburu ugari argitaratu ditu, esaterako, Xomorropoemak 2017ko Euskadi Literatura Saria, Bichopoemas y otras bestias, 2019ko Kirico Saria eta 2021eko Lauaxeta Saria.

Epaimahaia

Epaimahaiko burua María José Gálvez Salvador izan da, Kultura Ministerioko Liburuaren, Komikiaren eta Irakurketearen zuzendari nagusia; presidenteordea, barriz, Almudena Hernández de la Torre Chicote, Liburua, Irakurketa eta Espainiar Letrak Sustatzeko Zuzendariordetza Nagusiko zuzendariorde ondokoa. Batzordekide izan dira José Manuel Sánchez Ron (Espainiako Errege Akademia); Xosefa Casalderrey Fraga (Real Academia Galega); Fermín Erbiti Zabalza (Euskaltzaindia); Dari Escandell Maestre (Institut d 'Estudis Catalans); Àngels Gregori Parra (Acadèmia Valenciana); Cristina Vallés López (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil (OEPLI)).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu