89 espazio eta eraikin erakutsiko dira astegoienean, orain arteko kopururik handiena

Bizkaie! 2025-09-25 09:14   Kulturea

IX Open Bio Jaialdia irailaren 29tik urriaren 5era.

OPEN Bio jaialdia datorren astean egingo da -irailaren 29tik urriaren 5era- programa zabal eta askotarikoagaz, herritarrek beren uriko arkitekturan eta urigintzan modu aktiboan parte hartu leikie. Bisita batzuetan parte hartzeko aldez aurretik izena emon behar da openhousebilbao.org webgunean.

2024an urratutako bideari jarraituz eta jakitun izanik gaur egungo arkitektura-jarduna inoizkorik anitzena dala, nahiz eta imajinario kolektiboan oraindino be arkitektura-eredu bateratu eta ikoniko bat nagusi izan, OPEN programeak begirada hori zabaldu nahi dau, beste arkitektura mota batzuk erakutsiz. Helburua da programea izan daitela tresna inguruko arkitekturei heltzeko hainbat formatu eta ikuspegi aztertzeko.

Urian arkitektura-balio handiko guneetara egiten diran bisitak sano inportanteak izan arren, aurreko edizinoan lez, bederatzigarren edizino honetan arkitekturea ulertzeko, biziteko eta praktiketako modu ezbardinen inguruan ezagutza-bideak edegiteko ekimenak be egongo dira.

Jaialdia irailaren 29an, astelehenean hasiko da, berbaldia iragarri dabe: Elikadura-subiranotasunari eta uriek beren elikagaiak produziduteko daben kapazidadea izenburukoa izango da BBK Kunan, 18:00etan aurrera. Horretarako, aldez aurretik izena eman beharko da.

Hurrengo egunetan, ibilbide bat egingo da, Otxarkoagan hasita. Ibilbidean zehar, Bilboko ortuak bisitau ahal izango dira, eta Arbolantxa auzoaren landa-izaerea, herri-arkitekturea eta ohiturak eta bizipenak ezagutuko dira. Era berean, Bilboko azken baserriak bisitetako aukera izango dogu, baita horreetako bat bertatik bertara ezagutzeko be, produkzino-jarduereari eusten baiteutso.

Irailaren 30ean, martitzenean, 18:00etan, Bidebarrietako Liburutegian Abando Taupadak proiektua aurkeztuko dabe. Udalak Nazinoarteko Idea Lehiaketa bat atondu eban trenbidea lurperatzen danean eta abiadura handiko trena heltzen danean uriaren erdi-erdian libre geratuko dan espazioari zer erabilera emon erabagiteko. Proiektu horrek irabazi eban lehiaketea. Izena emon behar da. G&C Arquitectos, Arup y Architecture Agronomía taldeko kideek azalduko ditue proiektuaren xehetasunak.

Diseinu Kolaboratiboko Tailerra: martitzenean, BBK Kunan – 17:30etik aurrera –, prestakuntza eta baterako sorkuntza-tailer bat egingo da eskola-jolaslekuak zelakoak izan behar daben eta horreek espazio inklusiboago, berdeago, edegiago eta olgeta eta hezkuntza-eremu bihurtzeko zer egin behar dan eztabaidatzeko. Aldez aurretik izena eman behar da.

Obran bertan: eraikin bat emakumeen artean birgaitzeko erronkea izeneko mahaian eregitea, birgaitze eta diseinu prozesuetan ikuspegi feministea, kolaboratibo eta eraldatzaile batetik aktiboki parte hartu daben hiru emakume batuko dira. La Sinsorgan egingo da eguaztenean, hilaren 1ean, arratsaldeko 18:00etan; ondokoak izango dira bertan: Paz Carbajosa A por todas con herramientas proiektuaren sustatzailea, tradizioz gizonezkoak izan diran lanbideetan prestakuntzea izateko ekimena; Iratxe Marián arkitektoa, La Sinsorgako arkitektura-proiektuaren diseinuaren ardurea dauena; eta Beatriz Silva, espazio horretako obretan esku hartu eban langileetako bat. Aldez aurretik izena emon behar da.

Eguenean, hilaren 2an, tailer bat egingo da BBK Kunan. ErrazTEAk eta OPENek atondutakoa, eraikuntzeari eta arkitektura-espazioei irisgarritasun kognitiboa apliketeri buruzkoa izango da. Helburua da aztertzea inguruneen diseinuak zelan erraztu leiken gaitasun kognitibo ezbardineko personen ulermena, orientazinoa eta erabilerea. Aldez aurretik izena eman behar da.

Instalazino Arkitektonikoa: Ex Luce. Horacio Echevarrieta Getxoko Abratik itsasontziz sartzen zanean, Begoñako muturreko galeriak argiztatzeko agindua emon ei eban negozio-bidaietatik bueltau zala iragarteko. Keinu hori gogoratzeko, sinbolismoz eta antzerkiz beteta, OPEN BIOk aldi baterako argi-instalazino bat eskainiko dau Arriluze pasealekuaren aurrealdean. Esku-hartze horrek, lekuaren memoriagaz lotura sakona dauenak, arkitekturearen izaera adierazgarria indartu nahi dau espazio publikotik eta, aldi berean, barru-barruko esperientzia bat zabaldu.

Inaugurazino-egunean, kale-argiaren azpian eta atzealdean Bilboko Abra dauela, Diego Sologuren instalazinoaren egileak Juan Luis Morazagaz eta Andrea Muniáinegaz berba egingo dau argi-itzalen inguruan. Urriaren 2an, arratsaldeko 18:30ean (izena emon behar da).

Agertoki Gertagarriak/ Gertagatxak.Ekitaldia urriaren 3an egingo da, 18:00etan, Guggenheim Museoan, eta arkitektureari buruz modu librean, ardurabakoan eta, ahal bada, dibertigarrian berba egingo dabe. Aldez aurretik izena emon- behar da.

Zinemea eta Arkitekturea. Barikuan, hilaren 3an, 18:00etan, zine-foruma egingo da BilbaoArten, Argentinako El hombre de al lado filmaren proiekzinoagaz. 2009an estreinau eta Mariano Cohn eta Gastón Bizilagunak ez dira aukeratzen gaiaren harian. Aldez aurretik izena emon behar da.

Familia Ibildeak. Umeak gizarte eta ingurumen arloko erronka handietara hurbilu daitezan, hainbat ibilbide eskainiko dira familian, gure auzoetako ondarea eta historia ezagutzeko. Urriaren 4ko eta 5eko astegoienean egingo dira. Aldez aurretik izena emon behar da.

Ipuineko ibaia, Elezaharreko mendia eta Poesiaren bidea izenen azpian, familiak itsasadarrean barrena ibiliko dira, Artxandara igon eta Bilbo goitik begiratuta ezagutzeko, eta Basurtu esplorauko dabeute, trenez, metroz eta autobusez, errimen eta aho-korapiloen bidez.

Open Espazioak

Herritarrek urian han eta hemen dagozan 89 espazio izango ditue zabalik; horreen artean, 17k aurten lehenengoz parte hartuko dabe. Nobedade horreen helburua da jaialdiak bizirik jarraitu daiala. Espazioak asteburuan baino ez dira zabalik egongo, hau da, hilaren 4an (zapatuan) eta 5ean domekan).

Espazioetarako bisitak doban egin ahal izango dira eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena emotea, salbuespen batzuetan izan ezik. Bisita gehienak egiteko, nahikoa da eraikinera hurreratu, ilaran jarri eta txandearen zain egon.

Taldeak 10-30 lagunekoak izango dira, eta bisitak, 20-45 minutukoak, espazio bakotxaren arabera.

Jaialdiaren ordutegia: zapatuan 10:00-20:00 eta domekan 10:00-19:00; halan da be, eraikin bakotxak bere ordutegia izango dau, aukeren arabera. Informazino hori jaialdiaren webgunean (www.openhousebilbao.org) eta banatuko diran planoetan konsultau daiteke.

Besteak beste, ondokoak dira herritarrentzat zabalduko diran espazioak: Bilborock; Eleiz Museoa; Bidebarrietako Udal Liburutegia; Arriaga Antzokia; Ibaigane Jauregia; Chávarri Jauregia; Bilboko Elkarte Filarmonikoa; eta Basurtuko Unibertsitate Ospitalea, La Sinsorga. Kulturgune feministea, Labe Garaia, Pabellón 6, BABELstudio eta Museo Guggenheim Bilbao (aurten lehenengoz).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu