III. 'BBK Landa Eremu Art' martxan dago

Bizkaie! 2025-09-24 08:00   Kulturea

Itxaso Diaz zinemagileak zuzendutako proiektu artistiko komunitario bategaz.

BBK-k eta Kultibak BBK Landa Eremu Art proiektuaren hirugarren edizinoari ekin deutse. Proiektuak Bizkaiko landa-guneen barrikuntzea eta eraldaketa soziala sustatu gura ditu, alkarlaneko esku-hartze artistikoen bidez.

Prentsaurrekoan ondoko honeek parte hartu dabe: BBK-ko Kultura, Familia eta Adinekoen koordinatzaile Koldo Bilbaok; Kultibako kultura-bitartekari Alex Ygartuak; Mungiako alkate Alaitz Erkorekak eta Itxaso Diaz zinemagileak.

Itxaso Diazek, BBK Landa Eremu Art programarako aurkeztutako proposamenean, ikus-entzunezko prozesua diseinau eta jorratu dau Mungiako landa-aldeko persona eta kolektiboakaz alkarlanean: helburu nagusia da sorkuntza eta hausnarketa kolektiborako gunea sortzea, parte-hartzaileen ahotsak, kezkak, bizipenak eta ezagutzak ardatz hartuta. 

Metodologiaren oinarrian, Itxaso Diazek ikus-entzunezko tailer kolaboratiboak emoten dauen esperientzia zabala dago, bertoko eta nazinoarteko gizarte eta lurralde-testuinguruetan ibili da-eta.

Prozesua datozen asteetan hasiko da, eta, lehenengo, taldea atondu eta landu beharreko gaia hautatuko da. Aurkezpena datorren eguenean, irailaren 25ean, arratsaldeko zazpietan izango da Mungiako udaletxeko erakusketa aretoan. Ikuspegi horren bidez bermatuko da amaierako ikus-entzunezko kontakizunek benetan islatu leikien personen interesak, testuinguruak eta sensibilidadeak. Horren ondoren, ikerketea, grabazinoa eta edizino kolektiboko prozesuak egongo dira, eta azken emoitzea bideo-formatuan gauzatu, eta 2026ko erdialdean aurkeztuko da.

Artisteak ondokoa autortu dau: ilusino berezia daukat proiektuagaz. Era berean, lotura personalak ditut Mungiagaz, eta, horreei esker, aukerea izan dot ingurunea, erritmoak eta jentea ezagutzeko. Horrek guztiak gogoa biztu deust ikus-entzunezkoen bidez errealidade horreek ikusarazo eta partekatzeko. Artea tresna indartsua izan daiteke prozesu komunidarioei ekin, ezagutza kokatua sortu eta sare soziala indartzeko.

BBK Landa Eremu Art: eraldaketa soziala, kultura garaikidearen bidez

BBK Landa Eremu Art proiektuak ikaskuntzako esperientzia bat egin nahi dau prozesu artistikoari eta haren emoitza eraldatzaileei buruz, praktika artistiko garaikideen ezagutzea jorratuz, adierazo dau BBK-k.

Edizino bakotxean Bizkaiko landa-gune bat aukeratu, eta hainbat kultura-erronka proponiduten da, testuingurura eta udalerrira egokituta. Praktikan, inguruko personek eta kolektiboek parte-hartzen dabe, landu beharreko proiektua elejiduz artisteagaz batera.

Bizkaiko landa-eremuko sorkuntza artistikorako BBK Landa Eremu Art deialdiaren bidez aukeratzen da artistea eta 6.000 euroko saria hartuko dau (sorkuntza artistikoa produziduteko gastuak alde batera itxita).

Holan, BBK Landa Eremu Art barrikuntzako laborategien zirkuitu ibiltari bezela eratzen da, eta kultura garaikidea balioesten dau, gizartea eraldatzeko eta kohesionetako funtsezko elementu bezela. Era berean, sarbidea erraztu nahi deutse gune horreetan bizi diran personei, egungo sorkuntza eta landa-ingurunea hartu-emonetan jarriz, arte bisualen, zinemearen, musikearen, literaturearen eta arte eszenikoen bidez.

BBK Landa Eremu Art proiektuaren lehen edizinoa 2023an egin zan, Zallan, Asier Perez artisteagaz. 2024an, Pablo Astrain muralgileak gidatu eban esku-hartze artistikoa Erandion.

Beraz, proiektua bat dator 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuakaz (GJH), lagungarria da-eta urikoak ez diran komunidadeetan garapen jasangarria eta inklusiboa sustatzeko.

Itxaso Diaz (Gallarta, Bizkaia, 1974)

Arte Ederretan lizentziaduna eta Arte eta Teknologian doktoregaia Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Ederren Fakultadean.

Zinemagilea, dokumentalistea eta ikus-entzunezko komisarioa da, eta bizi-istorioen diseinuan, narratiban eta ikus-entzunezkoaren alfabetizazinoan espezializauta dago. Azken dokumentaletan, gai sozialak jorratu ditu.

2004tik, kultura-kudeaketan be ibili da, ikus-entzunezkoak erakusteko proiektuak diseinau, koordinau eta komisariotzaz arduratuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu