Juan Basek jaso dau 2025eko Ibiltariaren Saria

Bizkaie! 2025-09-23 10:09   Kulturea

Autorik Bako Egunean, Mobikortasunaren Europako Asteko ekitaldiakaz amaitzeko.

Bilboko Udaleko Mobikortasun eta Jasangarritasun Sailak Juan Bas idazle eta zutabegile bilbotarrari 2025eko Ibiltariaren Saria emon deutso, Bilbo, nire kotxe barik egunean. Sari horrek amaiera ezin hobea emon deutso Mobikortasunaren Europako Astearen harian atondutako ekitaldiei. Aste hori irailaren 16tik 22ra bitartean egin da Mobikortasun Unibersala goiburupean. Sari honek aintzat hartzen ditu beren ibilbidearen, balioen edo ekarpen kultural eta sozialaren bidez Bilbo uri jasangarriagoa, bizigarriagoa eta atseginagoa egiten laguntzen daben personak eta kolektiboak.

Nora Abete alkateorde eta Mobikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak uriko idazlerik estimaduenetako bati emon deutso saria, Artxandako Funikular barrituaren instalazinoetan. Ibiltariaren Saria mobikortasun aktiboa uriko bizimoduan oinarrizko desplazamendu-modua dala ikusarazoteko Sailaren estrategiaren parte da. Nora Abetek adierazo dauenez, autorpen sinbolikoa da, balio pedagogiko handikoa: ibiltea, batetik bestera joateko modu osasungarri, irisgarri eta jasangarria izateaz gan, uriagaz eta bertan bizi diranakaz lotzeko modua be bada. Esangura horretan, Ibiltariaren Saria metafora bizi bihurtzen da: urian paseoan ibiltea eta uria zeharkatzea be bada uria jagoteko eta Bilbo jasangarriago bat eregiteko modua.

Juan Bas, idazlea eta ibiltaria

Aurtengo saritua Juan Bas da (Bilbo, 1959), sariaren espiritua modu berezia erakusten dauena. Idazle emonkorra, zutabegilea eta 2010etik Ja! Jaialdiko (Nazinoarteko Literatura eta Umorearen Artearen jaialdia) zuzendaria. Ibilbide luzea egin dau narratiban, telebistako gidoigintzan eta kultura-kudeaketan.

Baina, arlo profesionalaz harago, Juan Bas ibiltari literarioa be bada. Zazpikaleetan bizi da eta askotan kale horreetatik ibilten da, eguneroko bizimoduari begira, arlo personala eta narratiboa nahastauta. Haren paseoak ez dira joan-etorri hutsak, zentzunak erne izaten baititu: alkarrizketak entzun, usainak jaso, jentearen keinuei begiratu edo auzo-aldaketei erreparetan deutse. Hori guztia bere kontakizunetako narrazino-gai bihurtzen da.

Erriberako Merkatua da gehien bisitetan dauen lekua: Bas astean behin joaten da merkatura eta errutina sormen-ekintza bihurtzen dau. Espazio zaratatsu eta anitz hori inspirazino literarioaren iturri eta pertenentziaren sinboloa da. Bas aztertu dabenen eretxiz, bere jarrerak flâneur baten jarrerea gogorarazoten dau, uriko xehetasun bakotxa kontakizun bihurtzen dauen ibiltari arretatsua.

Basen hasierako testuetan daborduko jaubetzen gara paseoa eta literaturea alkarri lotzen jakozala. Holan jazoten da, berbarako, detektibe batek Zazpikaleetako kaleetan izandako gorabeherei buruzko kontakizunetan. Basentzat oinez ibiltea pentsetako, idazteko eta munduan egoteko modu bat da.

Mobikortasun eta Jasangarritasun Sailak autortza horren bidez nabarmendu dau Juan Basek jakin izan dauela egunero ibiltea kultura eta literatura-keinu bihurtzen. Uria zeharkatzeko moduak erakusten dau paseetea ez dala ohitura osasungarria bakarrik, memoria urbanoa eregiteko eta nortasun kolektiboa kontetako modua be badala.

Sari honegaz, Bilboko Udalak uriari ahotsa barrutik emoten jakin dauen sortzaile bat omentzen dau, baita distantzia kritikoz eta umorez begiratzen jakin dauen sortzaile bat be; horregaitik, 2025eko Ibiltariaren Sariak bere literatura-ibilbidea ez eze, Bilbon biziteko, ha behatzeko eta kontakizun legez bueltetako dauen modua be autortzen deutso saridunari.

Nora Abetek zehaztu dauenez, Juan Basi emon jakon 2025eko Ibiltariaren Sariak hainbat keinuren bidez -eskolara oinez joatea, auzoan hara eta hona ibiltea, garraio publikoa aukeratzea edo daon espazioetan gozetea- Bilbo uri bizigarriagoa egiten daben personak be omentzen ditu. Sariaren esentzia da mobikortasun aktiboa ez dala erronka tekniko edo instituzionala, baita bizitza urbanoari formea emoten deutson praktika kultural eta komunitarioa be bada.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu