'¡Ay, Carmela!' izango da Pabellon 6ko azken antzezlana

Bizkaie! 2025-09-22 12:16   Kulturea

Ondoren ateak zarratuko ditu 13 hilebetez eraikina barriztuteko.

'¡Ay, Carmela!'. | Ikusi handiago | Argazki originala

¡Ay, Carmela! izango da Pabellón 6ko azken ikuskizuna. Programazinoa, barriz, ez da etengo. Datorren urriaren amaieran, ondoan kokatutako Gazte Konpainiaren egoitza espazioa erabiliko da. Bertan, Pabellón 6n programazinoa egingo da barritze-lanek irauten daben bitartean.

Pabellón 6n hamalau urtez etenik bako jarduna egin ondoren, Pabellón 6k ateak zarratuko ditu eraikina barriztuteko lanei ekiteko, 13 hilebete inguruko lanak izango dira. Guztira, 2.200 ikuskizun, 300 konpainia konbidadu, Antzerki Arineko 12 jardunaldi, 5 sari eta 134 aktorek zuzendutako 50 produkzino propio atondu dira, 200 bat bazkidek lagunduta. 

¡Ay, Carmela! Ramón Bareak zuzendu dau eta Olatz Ganboa eta Diego Pérez dira protagonistak. Soinu espazioaz Adrián García de los Ojos arduratu da, Fernando Alcauzar argiztapenaz eta Betitxe Saitua, barriz, jantzietaz.

Antzezlana irailaren 26tik urriaren 5era bitartean antzeztuko da (bariku eta zapatutan, 19:30ean). Irailaren 28an, domekan, ikuskizuna 19:00retan izango da, eta urriaren 5ean, domekan, eguerdiko 12:00etan. Sarrerak www.pabellon6.org webgunean dagoz eskuragarri.

Azken antzezlanaren ondoren, lagun eta bazkideakaz batuko dira Pabellón 6 espazioari agur esateko. Ekitaldi sinplea izango da 14 urteko antzerkia ospatzeko eta ziklo bat zarratzeko.

Proiektu barria

Proiektuaren esentzia Pabellon 6 eraikina bota eta berreregitea da, jatorrizko bolumetriara egokituta. Gainera, lehendik dagoanari beste bolumen bat gehituko jako ekialdean, bolumen nagusiaren osogarritzat. Holan, etorkizuneko Pabellon 6ek ele formea izango dau. Guztira, 1.288,62 metro koadro inguruko azalera eregia izango dau eta pisu bi izango ditu.

Antzokiko gela nagusiak –sarrera nagusia, atartea, txarteldegia, areto eszenikoa eta eszenatokia– jatorrizko eta egungo Pabellon 6 eraikina bolumetrikoki kopietan dauen atalean kokatuko dira. Antzoki horrek 228 jarleku kokatzeko lekua izango dau (beheko pisuaren eta pisuartearen artean banatuta).

Beheko pisuko harmailak barruragarriak izango dira eta agertokia lurzoru nagusia baino 30 cm gorago egongo da.

Bolumen horren lehen pisuan kontrol-gelea egongo da.

Eratsitako bolumen barrian bigarren sarrerea egongo da, antzezleek eta antzokiko langileek erabiliko dabena. Atal horren beheko pisuan biltegiak, eszenografietarako tailerra, kamerino bi, komunak eta garbiketa-gelea egongo dira, bai eta lehen pisuagaz komuniketan diran karga-jasogailu bat eta eskailera bat be. Lehenengo pisuan entsegu-gelea, jantzi-tailerra, office bat eta bulego administratiboa egongo dira.

Eraikinaren sarbide nagusia jatorrian egoan leku berean egongo da. Beraz, plaza txiki bat sortuko da, etorkizuneko Garabia eta Pabellon 6 espazioen inguruan.

Metalezko egiturea dauen eraikuntza-moltso bat diseinau da, zepatuen eta mikropiloteen gainean bermatutako altzairuzko portikoen bidez. Bestalde, fatxadea, bai eraikin nagusiarena, bai eratsitako bolumenarena, aluminiozko panel grekatuz estalita proiektau da. Zokaloak motibo geometriko bera errepetiduko dau eta, beraz, maila estetikoan oso antzekoa izango da, baina hormigoi prefabrikatuzko panel bategaz kanpoko akabera legez.

Bolumen nagusiaren estalkiak sandwich panela eukiko dau, aluminiozko akaberakoa eta 15 zentimetroko lodierakoa. Eranskinerako, barriz, legarrezko estalkia planteetan da, ez-ibilgarria (mantentze-lanetarako baino ez).

Proiektautako eraikina segurtasun eta kalidade-estandar gorenei jarraituz diseinau da, eta haren espazioak erabilera-aukerak, argiztapen naturala eta aireztapena ahalik eta hoberen aprobetxetako atondu dira. Gainera, etorkizunean, epe labur edo ertainean, eraikina Zorrotzaurreko geotermia-sarera konektetako aukerea aurreikusten da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu