Nerea Balda San Juan eta Paula Hoyos Gomez, 8. Ramiro Pinilla Lehiaketako irabazleak

Bizkaie! 2025-09-22 07:45   Kulturea

Gainera, Malen Onandia San Juan eta Inés Sánchez Ordoño ikasleak saritu ditue Txiki Baskardo lehiaketan.

Getxo Kulturak eta Pinillesca kolektiboak sustatutako Ramiro Pinilla Eleberri Laburren Lehiaketearen zortzigarren edizinoaren irabazleak jakinarazo dira. Nerea Balda Sanjuanek euskerazko lan onenaren saria eskuratu dau eta Paula Hoyos Gómezek gaztelaniazko testu onenari emondakoa. Gainera, Malen Onandia San Juan eta Inés Sánchez Ordoño bertako ikasle gazteak saritu ditue Txiki Baskardo umeentzako kontakizunen lehiaketan, euskerazko eta gaztelaniazko modalidadeetan, hurranez hurran.

Zure arnasa zaintzeko, euskerazko saria irabazi dauen eleberria, Nerea Balda Sanjuanek (Irurtzun, 1975) lana da. Istorio horren bitartez, egileak familia baten unibersora ezeze, ezaguna dan uniberso batera be lekualdatzen dau irakurlea. Amaren eta alabaren arteko hartu-emon konplejuak erakusten ditu. Euskal Filologian lizentziaduna eta Altsasu BHIko euskera irakaslea, egile nafarrak hirugarren aldiz irabazi dau lehiaketea; izan be, 2018an Atzerrian eleberriagaitik lehen edizinoko saria eskuratu eban eta 2022an gauza bera egin eban Azpimarrak lanagaz. 2022. urtean, barriz, Iruñeko Udalak sustatutako Euskerazko Sortzaile Barrien Lehiaketearen 27. edizinoan be irabazle izan zan.

Bestalde, Paula Hoyos Gómezek (Aguilar de Campoo, 1992) gaztelaniazko eleberri onenaren saria eskuratu dau Dormir fuera de casa lanagaz, estilo zehatz eta ia dokumentalistea dauen kontakizun koralagaz. Egileak, haren istorioan, tamalez eta gogaituta dagoan gizarte baten norabiderik ezari heltzen deutso, atzeratutako hegaldian eta abiatzen ez diran bizitetan bat egiten daben personaien barruan sartuz. Farmazian graduatua eta Giza Zientzietako ikaslea, Hoyos Bartzelonan bizi da eta testu honegaz eleberriaren arloan egin dau debuta, nahiz eta aurretik hainbat kontakizun-lehiaketea irabazi dituan, horreen artean María de Maeztu Lehiaketea (2023) nabarmenduz.

Zortzigarren edizinoa

Guztira 217 lan jaso ditue atontzaileek eta aurkeztutako testuak, betiko lez, jatorri askotarikoak izan dira: 45 Euskadi eta Nafarroako egileen eskutik, horreetako 10 getxoztarrak. Gainerako 162 eleberriak ia erkidego guztietatik bidali dira, halanda ze, Madrilgo, Andaluziako eta Kataluniako parte-hartzaileak nabarmendu dira. Haritz Larragetak, Itxaso Martinek eta Irati Jiménezek osotu dabe epaimahaia. 

Irabazleek 6.300 euroko saria jasoko ditue. Era berean, euskerazko eleberria Erein Argitaletxeak argitaratuko dau, Getxo Kulturagaz dauen hitzarmenari esker eta, gaztelaniazko testuari jagokonez, beste 1.000 euroko laguntza gehigarria izango dau lana argitaratzen badabe.

Txiki Baskardo Lehiaketea

Txiki Baskardo umeentzako kontakizunen lehiaketari jagokonez, Malen Onandia San Juanek, Azkorri Ikastetxeko ikasleak, euskerazko modalidadean jaso dau saria, estereotipoak hausten dituan trama indartsu eta hunkigarri bategaz.

Bestalde, Inés Sánchez Ordoñok, Europa Ikastetxeko ikasleak, gaztelaniazko lehiaketa irabazi dau, itxurak gainditzearen garrantzian sakontzen dauen istorioagaz. Kontakizuna ipuin klasikoaren egitura erabiltzeagaitik, personaiak eregiteagatik eta fantasiaren eta errealidadearen arteko paralelismoagaitik nabarmentzen da. Aurton, ondoko ikastetxe honeetako DBHko 1. mailako ikaslek parte hartu dabe: Julio Caro Baroja, Europa Ikastetxea, Aixerrota eta Azkorri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu