Gaizka Chamizo eta Les Bobé Bobé taldeak edegiko dabe Torrezabaleko denporaldia

Bizkaie! 2025-09-04 09:20   Kulturea

Irailaren 26an, barikua, kultura bizi eta anitzeko hiruhilekoari hasierea emonez.

Uda ostean, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxeak barriz ekingo deutso ohiko jarduerari programazino oparo eta biziagaz. Igaz ospatutako 30. urteurrenaren izaera berezia atzean itxita, programeak bere horretan eusten dau orain arteko kalidadea, aniztasuna eta hurreratasuna. Holan, publiko guztiei zuzendutako musikea, antzerki, jantzea eta kalidade handiko proposamenez beteko da barriro be eszenatokia abendura arte.

Artea eta sormena herritarrengana ahalik eta gehien gerturatzeko bokazinoa dau udalak, halanda ze, 5 eta 12 euro arteko prezio orokorrak ditue ikuskizunek (bazkideek, 65 urtetik gorakoek, Gazte Txartela dabenek eta umeek tarifa berezia izango dabe).

Beraz, udagoieneko programazinoak kulturaz disfrutetan jarraitzera konbidetan ditu galdakoztar guztiak, daborduko eskualdeko herritarrentzat erreferentzia eta topagune bihurtu dan espazioan. Programazinoa Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Kultura zinegotziak eta Katrin Schlegel Torrezabaleko programatzaileak aurkeztu dabe. 

Espillak autortu dauenez, ikasturte sano garrantzitsutik gatoz eta erronkea Torrezabali gero eta jarduera gehiago emotea izan da. Beraz, helburua bete dogu, izan be, 21.840 ikus-entzule batu dira irailetik bagilera. Hemengo kultura programazinoak kalidadea dau ardatz nagusi.

Bestalde, Schlegelek azpimarratu dauenez, urteurrena eserleku gehiago eta hobeak jarteko edota entzumen zein ikusmen arazoak dituenentzat ikuskizunak irisgarriago egiteko baliabideak jarteko aprobetxau da. Artista eta herritarren arteko hartu-emonak sendotzea da helburua, Torrezabal kultura biziteko tokia izan deian.

Programazioa

  • Irailak 26, barikua: Dada ü Lala, Les Bobè Bobé.
  • Irailak 26, barikua: Heroiaren mina, Gaizka Chamizo.
  • Irailak 28, domeka: El ventrílocuo, Jaime Figueroa.
  • Urriak 4, zapatua: Semaforoa, Logela Multimedia.
  • Urriak 10, barikua: Lasala 10 urte, Lasala.
  • Urriak 17, barikua: Si yo fuera Federico, Factoría Norte.
  • Urriak 26, domeka: 52 hertz, Ados Teatroa.
  • Zemendiak 7, barikua: Adolescencia infinita, Pont Flotant.
  • Zemendiak 9, domeka: Ambulant, LA FAM Produccions.
  • Zemendiak 14, barikua: Interview, Tentazioa.
  • Zemendiak 16, domeka: Juguem?, Cia Ninnus.
  • Zemendiak 22, zapatua: Gospel Band!, Da Capo & Goizargi Gospel Choir.
  • Zemendiak 27, eguena: Hasta el final de la fiesta, Entrecajas & Come y Calla.
  • Abenduak 5, barikua: Kanpora sartzen, Txalo Produkzioak.
  • Abenduak 12, barikua: La reina brava, Las Niñas de Cádiz.
  • Abenduak 13, zapatua: Cowards, Ángel Duran Performing Arts, Dansa Metropolitana.
  • Abenduak 14, domeka: Hamar urte ilusioz bete, Da Capo.
  • Abenduak 20, zapatua: Zimurren artean kontukantari, Lanenana Naranja.
  • Abenduak 26, barikua: Maika Makovski, Bunker Rococo.
  • Abenduak 30, martitzena: Maluta Zirku Gala, Ganso&Cía.

Sarreren salmenta orokorra irailaren 7tik (domeka) aurrera izango da ohiko kanalen bidez: Udalaren webgunea, Torrezabal Kultur Etxeko txarteldegia eta leihatila. Bazkideek lehentasuna izango dabe, barikuan, irailak 5, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu