EITB Saria Bego Vicariok jasoko dau

Bizkaie! 2025-09-02 08:40   Zinemea

Animadeba, Animazinoko Zinemearen Nazinoarteko Jaialdia, irailaren 3tik 6ra arte izango da.

Animadeba, Animazinoko Zinemearen Nazinoarteko Jaialdiak 18. edizinoa egingo dau, irailaren 3tik 6ra bitartean. Debako Udalak hasieratik sustatuta, babesa irabazi dau urtez urte, eta ezinbesteko hitzordua bihurtu da animazinoaren panoraman Euskal Herrian. Animadeba ikusleen, zinemagileen, industriako profesionalen eta artisten arteko topagunea da.

Aurton, Michaël Dudok de Wit zinemagile ezagunari egingo jako autortzea. Zuzendariak masterclass esklusiboa eskaini eta La tortuga roja filma aurkeztuko dau. Bestalde, EITB Saria Bego Vicario zuzendari bilbotarrari emango jako eta barikuko galea Sara Azurzaren kontzertuagaz zarratuko da.

Programazinoaren barruan, publiko guztiarentzako animazinoko filmak (film luzeak eta laburrak) nabarmentzen dira. Ondoko atalek osotzen dabe: Animadeba LAB, Work in Progress, Case Study (kasu-azterketak), aurkezpenak, berbaldiak, tailerrak eta kontzertuak. Gainera, aurton Animadeba OFF, pantaila edegia sortu dabe, Debatik kanpo egiten diran saio edo jardunaldiei izena emoteko.

Animadeba Zinemaldiaren Sail Nagusia animazino globalaren erakusleihoa da, hamar herrialde baino gehiagoko film laburrak aurkeztuz. Saio bitan banatuta, epaimahaiak Film Labur Onenaren eta Gidoi Onenaren sariak emongo ditu, eta publikoak film gogokoena elegiduteko aukerea izango dau, Publikoaren Sariagaz.

EHU Zuzendari Barriak sailean hamar herrialde baino gehiagoko hamar film labur lehiatuko dira epaimahaiak emondako saria eskuratzeko. Atal horretan proposamen barritzaileak, desbardinak eta ikuspegi apurtzailea dabenak dagoz.

Panorama lehiaketaz kanpoko saila da, eta berton ikus-entzunezko panoramaren aniztasuna irudiketan daben film laburrez disfrutau ahal izango da.

Kontzertuei jagokonez, Ezezez, Putas Amas eta DJ Feten taldeak izango dira irailaren 6an.

Primeran eta Filmin plataformetan egongo dira ikusgai ikus-entzunezko ugari.

Bego Vicario Atzerabegirakoa, EITB Saria

Caracasen (Venezuela) jaioa, Arte Ederretan doktorea da Euskal Herriko Unibersidadean, animazino zinema esperimentalari buruzko tesi bategaz. Irakaskuntza eta ikerketa nazinoartean saritutako film laburren sorkuntzeagaz konbinatu ditu.

Hizkuntza esperimentalak aztertzen ditu eta memoria historikoari eta euskal kultureari lotutako proiektu kolektiboetan parte-hartzen dau. Haren lanik ezagunena Pregunta por mí (1997) da, Animazinoko Film Labur Onenaren Goya Saria. Haragia, Beti bezperako koplak, Areka eta Ehiza zuzendu ditu. Gaur egun Hauazkena kolektiboa koordinetan dau eta UPV/EHUko irakaslea da.

Animadeba OFF

Ofizialki bihar hasi arren, gaur, hilak 2, EHU Zuzendari Barriak Saila atondu dabe Donostiako San Telmo Museoan, Animadeba OFF egitasmoaren barruan. 

Egitaraua eta sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu