850 plaza baino gehiago aisialdi udal-programetan
2025-09-01 10:25 KultureaUmegune, Kidegune eta KideLego First Lego League dira eskainitako jarduerak.

Bilboko Udalak Umegune, Kidegune eta KideLego First Lego League programak jarri ditu martxan. Hezkuntza-aisialdiko udal-programak dira eta helburu bi betetzen ditue: etxeko txikienentzako jolas eta ezagutza-espazioak sustatzea eta ikasturtean zehar familia-kontziliazinoa erraztea.
2025-2026 ikasturtean, Udalak 850 plaza baino gehiago eskainiko ditu 3 eta 11 urte bitartekoentzat, eta martitzen honetatik (hilak 2) datorren martitzenera (irailak 9) arte eska daiteke plazea. Gainera, aurrerago, Miribillako Umegunea eta Kidegunearen edegierari buruzko informazinoa emongo da (abendurako aurreikusita dago).
Ikasturtea datorren urriaren 1ean hasiko da eta 2026ko bagilaren 12an amaituko da. Eskainitako 850 plaza baino gehiagori abenduan Miribillan edegiko diran Umeguneko eta Kideguneko plazak batuko jake. Gainera, aurton plaza kopurua handitu egin da KideLego First Lego Leaguen (64tik 94ra), igazko eskariari erantzuteko. Umegunea eta Kidegunea Bilboko 8 barrutietako 13 udaltegitan eskainiko dira: Abando, Abusu, Basurtu, Begoña, San Frantzisko, Castaños, Deustu, Esperantza, Miribilla, Irala, Otxarkoaga, Errekalde eta Zorrotza. 2025-2026 ikasturteko jarduerak Bilboren ingurukoak izango dira. KideLego First Lego League urriaren 4tik lehiaketearen egunera arte (2026ko martia) eskainiko da 8 udaltegitan, zapatuetan (Abando, Basurtu, Begoña, Castaños, Deustu, Esperantza, Irala eta Miribilla).
Umeguneen eta Kideguneen ordutegia 17:30etik 19:30era izango da; Esperantzan, barriz, 17:00etatik 19:00etara izango da. Astelehen eta martitzenetan, eskaintza 2020tik 2022ra bitartean jaiotakoentzat izango da, eguazten eta eguenetan 2017tik 2019ra bitartean jaiotakoentzat, eta barikuetan eta zapatuetan 2014tik 2016ra bitartean jaiotakoentzat. Salbuespenak Abusun, San Frantziskon eta Esperantzan izango dira eta www.bilbao.eus webgunean konsulta daitekez. Umegune bakotxak 12 plaza izango ditu; Kideguneetan, barriz, 15 gaztek parte hartu ahal izango dabe gehienez.
Aurtongo beste barritasun bat Esperantzan Kideantzerkia sortu izana da. Berton, 9 eta 11 urte bitarteko parte-hartzaileak antzerkiaren munduan sartuko dira eta, gainera, Kideguneko jarduerekaz buztartuko dira (jokoak, eskulanak, tailerrak, etab.). Kideantzerkiak 15 plaza izango ditu eta eguaztenetan egingo da, 17:00etatik 19:00etara.
Zapatuetan, 17:30etik 19:30era urtarrilera arte, eta 17:00etatik 20:00etara martiaren amaierara arte, KideLego First Lego Leaguen parte-hartzen dabenen txandea izango da. Moltso bakotxean 10 neska eta mutil egongo dira Challenge taldeetan, eta 6 neska eta mutil Explore taldeetan. Kidegune horreetan hainbat desafio planteauko dira Lego teknologia erabiliz pensamendu kritikoa sustatzeko. Kidegune horreek amaitzeko, taldeek First Lego Leaguen hartuko dabe parte, seguruenik martian.
Plazak
Plazak zozketa bidez esleituko dira irailaren 10ean, eta zozketearen emoitzak irailaren 11n argitaratuko dira. Plazea lortu daben familiek irailaren 11tik 15era bitartean egin beharko dabe inskripzinoa, udalaren www.bilbao.eus webgunearen bidez edo 94 4010 010 (010) telefonora deituta.
Otxarkoaga, Errekalde eta Zorrotzako Umegune eta Kideguneetan izena emoteko, beharrezkoa da zuzenean hartu-emonetan jartea jarduerak egingo dituen erakundeekaz.
- Otxarkoaga: Tendel: 94 641 04 79 (9:00etatik 13:00etara) eta 623 158 969 Era berean, www.asociacionteldel.org helbidean.
- Errekalde: Gazteleku: 94 449 596, zumizgai@gazteleku.org eta www.gazteleku.org.
- Zorrotza: Gure Lurra: 621 333 371 eta www.gurelurra.org.
Ondokak dira programen tarifak: 17,00 euro Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Bizitzeko Gitxieneko Diru-sarrera jasoten daben familientzat; 50,50 euro familia ugarientzat eta guraso bakarreko familientzat; eta 67,50 euro gainerako familientzat. Aurreko urteetan lez, taldea sortzeko gitxienez 6 parte-hartzaile beharko dira udaltegi eta egun bakotxeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!