Surbisaren 40. urteurrenaren erakusketea, Santutxuko geltokian
2025-09-01 09:28 Kulturea10 panel izango dira, irailaren 2tik 30era arte.

Bilboko Metroan dagoan Surbisa Alkartearen erakusketea lekuz aldatuko dabe irailaren 2an (martitzena); hain zuzen be, Abandoko geltokitik Santutxuko geltokira eroango dabe, Karmelo kaleko urteerara. 40 urte... Bilbo hobetuz izeneko erakusketa horretan urian egindako esku-hartze nagusietako batzuk errepasetan dira. Irailaren 30era arte bisitau ahal izango da.
Surbisa, Bilboko Berregokipenerako Urigintza Alkarteak 40 urte bete ditu. Alkarte horrek bizitegi-ondare eraikiaren konserbazinoa sustatzen dau, uri-birgaitzearen eta berroneratzearen bidez. Udal soziedade hori 1985ean sortu zan Zazpikaleak oneratzeko asmoz, izan be, urte bi lehenago izandako uriolek erasan eben auzoa; halanda be, 2005etik uri osoan jarduten da, andeatze fisikoaren eta sozialaren araberako lehentasunei jarraituz.
Erakusketan 10 panel bisual dagoz eta Surbisak lau hamarkada horreetan Bilboko hainbat gunetan sustatu dituan jarduera nagusietako batzuk gogorarazoten dira, esaterako auzoak lehengoratzea, bizibarritzea, birgaitzea, uri-berroneratzea, energia-efizientzia, irisgarritasuna eta birnaturalizetako espazioak. Erakusketea Zazpikaleetako eta Abandoko geltokietan egon da, Santutxura heldu aurretik.
Erakusketaren hasieran, birgaitzeko urigintza-soziedadea aurkeztu zan, eta urteetan zehar haren jarduera-eremuak edegi ziran. Alkartearen lehen helburua Zazpikaleen birgaitze integrala izan zan, 1983an Bizkaiko uriburuan izandako uholdeek asko eragin eutseen-eta. Hurrengo urteetan, barriz, beste eremu batzuetara be hedatu zan udal-soziedadearen jarduketa-eremua: 1994an Bilbo Zaharrera edegi zan eta 2002an Trenbideko Langileen auzora. 2005ean hasi zan Surbisa uriko eremu gehiagotan jarduten. Surbisak beste hainbat lekutan esku hartu dau, esaterako Artatzu Bekoan (2005), Otxarkoagan (2008), Zorrotzaurren (2009), Gurutze auzoan eta Salazar Jeneralaren eraikin moltsoan (2010), Olabeagan (2013), Iralan (2015), Zazpilandan (2016), eta Uretamendin eta Uribarrin (2023).
Sortu zanetik, Surbisak, haren laguntzea, kudeaketea eta lankidetzeagaz, birgaikuntza pribatuko jarduketak sustatu ditu eraikin, etxebizitza eta merkataritza-lokaletan, ia 318 miloe eurora heldu diranak. Kopuru horreetatik 87,8 miloe euro inguru Surbisak kudeatutako laguntza ekonomikoetatik datoz. Horreetatik, 54 miloe euro funts propioei jagozke eta gainerakoak Eusko Jaurlaritzearen laguntzei. Azken horreek Surbisaren bidez kudeatzen dira, leihatila bakar bezela.
Horri esker, Surbisak Bilboko eraikin guztien % 22 birgaitzeko lanak kudeatu ditu: 2.552 eraikin, 18.051 etxebizitza eta 58.697 egoiliar izan dira onuradun, eta uriko barruti gehienetan jardun dau.
Jon Bilbao Surbisako presidente eta Bilboko Udaleko Uri Berroneratzearen Saileko zinegotzi eskuordeak ondokoa adierazo dau: Surbisak hurreratasunetik egin dau beti haren jarduerea, eta bere gizarte-ekintzako ildoa kalteberatasun-egoeran dagozen familiei laguntzeko lehentasunezko modua da. Horregaitik, Surbisaren funtsezko helburua da mundu guztiak aukerea izan deian bizitegi-eraikinak birgaitzeko beharrezkoak diran obrak egiteko eta etxea konfort-maila egokian jartzeko, eta inor ez egotea behartuta haren etxea ixtera obrei aurre egiteko laguntza edo baliabide nahikorik ez dauelako.
Erakusketeak, era berean, urte horreetan Surbisak eraikinen birgaitze integrala zelan sustatu dauen eta zaharbarritzeko programa espezifikoak zelan sustatu dituan erakusten dau. Gainera, Surbisak sustatzen dauen birgaitze-ereduan energia-efizientziako neurriak be sartzen dira, eta irisgarritasuna bermatzeko neurriak eta igogailuak jartea be bideratzen dau. Aitagarriak dira birgaitze-lanak Plaza Barrian, Yohn Jauregian, Atxuriko Gizakundearen Komentuan eta Bilborock Aretoan, eta urbanizazino-lanak Solokoetxeko eskaileretan, Atxurin, Harrobi plazan, eta Bilbo Zaharra kalean eta auzo horretako plazetan.
2022az geroztik, Surbisa Bilboko bizitegi-eraikinen birgaitze energetikorako Next Generation laguntzak kudeatzen dabiz, eta, gainera, martxan jarri ditu beste udal-laguntza batzuk uriko bizitegi-eraikinen isolamendu termikoa hobetzea sustatzeko.
2024tik, Surbisak bere gain hartu dau irisgarritasuna sustatzea eta uriko bizitegi-eraikin pribatuen egitura sendotzea.
Jon Bilbaoren berbetan: 40 urte honeetan, Surbisaren helburua urigintzako arazoak eta egoera sozioekonomiko kaltebera dituen auzo eta eremuen birgaitze integrala izan da, eta erreferentzia bihurtu da eraikin, etxebizitza eta lokaletan obra pribatuen sustatzaile eta babesle bezela, horreetan, batez be, bizigarritasuna, irisgarritasuna eta energia-efizientzia bultzatuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!