Udalak jarduera ugari atondu ditu irailean eta urrian
2025-08-28 12:32 KultureaBilboko Kulturearen 2023-2033 Plan Estrategikoaren barruan.

Bilboko Udalak Bilboko kultura-jarduera sustatzen jarraituko dau datozen hilabeteetan, kultura-eskaintzea herritarrei eta auzoei hurreratzera bideratutako programazinoagaz, Bilboko Kulturearen 2023-2033 Plan Estrategikoan aurreikusitakoaren arabera.
Aste Nagusiaren ondoren, Udalak eskaintza kulturala eskaintzen jarraitzen dau, zirku garaikidea, kaleko arte eszenikoak, musikea, arte plastiko eta bisualak, literaturea, ondarea eta folklorea lako diziplinetara hurreratuko dituen programetan.
Kontuak kontu, hurrengo egunetan ondoko programa honeek atondu ditue:
Eszena kalera - Irailaren 1etik 30era
Euskadiko kaleko arteen zirkuiturik handiena da eta irailean egingo da. Egitarauan hainbat ikuskizun batzen ditu, esaterako zirkua, jantzea, magia, kale-antzerkia edo txotxongiloak. Guztira, 16 antzerki-konpainiak hartuko dabe parte eta guztira 31 ikuskizun eskainiko ditue Bilboko 27 auzotan.
Expodistrito - Irailaren 1etik aurrera
Aldi baterako erakusketen zikloak bertako artisten eta beste kolektibo batzuen erakusketak eskaintzen jarraituko dau hainbat auzotako Udalguneetan. Guztiak doban eta goizez eta arratsaldez bisitau ahal izango dira.
Akuarelisten Euskal Elkartearen, Musika Bulegoa Alkartearen, Euskal Australiar Elkartearen, Las Cuatro Esquinas taldearen eta Marta Calvo Bilbao, Laura González, M'Angel Manovell, Carolina Zuluaga Zuleta eta Mertxe Amondarain artisten erakusketak programau dira.
Dantza plazetan - Irailak 7 eta 27; urriak 25
Urte osoan zehar egiten dana egitaraua, abuztuko etenaldiaren ondoren bueltako da, irailaren 7an Zumarraga plazan Gaztedi Dantzari Taldearen eskutik erromeria bategaz eta 27an beste hiru jarduerekaz: Santiago plazako ohiko erromeria Salbatzaile Dantza Taldearen eskutik, Ondalaneko erraldoien kalejirea Sarriko auzoan zehar eta jantza alardea Zorrotzako frontoian Ibai Arte Dantza Taldearen eskutik. Larunbatean, urriak 25, kalejira egingo da Basurtuko kaleetan zehar eta erromeria Santiago Plazan.
Zirkualde - irailaren 18tik 20ra
Zirkualde Euskadin egiten dan zirku-arte garaikideen jaialdia da. Publiko guztiari zuzendutako sei konpainiaren ikuskizunak izango ditu eta agertoki nagusia Errekalde Plaza izango da. Era berean, Zirkualde programearen barruan, Jantza Bertikalaren III. Topaketea egingo da irailaren 18an El Fango kiroldegian.
Plazarik plaza - irailaren 25etik 27ra
Beti Jai Alai Dantza Taldeagaz alkarlanean atondu da. Basurtu auzoko kaleak kalejiraz, jantza-alardez eta beste hainbat ikuskizunez beteko dira.
Bilboko Antzerki eta Jantza Garaikidearen Jaialdia - BAD - urriaren 16tik 26ra
Bilboko Antzerki eta Jantza Garaikidearen Jaialdia urrian bueltauko da haren 27. edizinoagaz; 17 konpainiaren eskutik. Arte eszeniko abangoardisten, barritzaileen eta askotarikoen inguruko topaketea da eta Euskadiko, Estatuko eta nazinoarteko konpainien partaidetza dau (aurton zortzi, sei eta hiru dira, hurranez hurran).
Bilboko zirkuitua - urritik abendura
Bizkaiko uriburuko eta inguruetako antzerki talde amateur eta erdi-profesionalen jarduera sustatzen dauen udal ekimena da. Guztira 12 ikuskizun izango dira, esaterako, obra klasikoak, egokitzapenak edo antzerki laburreko saioak.
Gainera, Bilboko Udaleko Antzerki Baliabideen Zentroa dan Bilbao Eszenak irailaren 12an, barikua, edegiko dau izena emoteko epea, gazteak, umeak eta helduak antzerkian sartzera bideratutako urteko ikastaroetan.
Horrezaz gan, Bilbo Eskotatik Antzerkira programa didaktikoak antzerki eta jantza ikuskizunak eskainiko ditu urrian eta zemendian, ikastetxeetako ikasleei zuzenduta. Programazinoaren ardatza Antzerkia: espero duzuna baino gehiago da.
Literatur jardunaldiak
Irailean, era berean, Bidebarrieta Kulturguneak haren ohiko jarduerari ekingo deutso, besteak beste, literatur aurkezpenekaz eta hilabeteroko hitzorduekaz: Literaturarekin Elkarrizketak, Aktualitatearekin Topaketak eta Bidebarrieta Zientifikoa. Irailaren 10ean, eguaztena, emongo jako hasierea udagoineko programazinoari, Morir en la arena Leonardo Padura kubatar idazlearen azken eleberriaren aurkezpenagaz.
Urtero lez, Bilboko Udalak Miguel de Unamunori autortzea egingo deutso irailaren 29an, astelehena. Gainera, Bidebarrieta Kulturguneak hainbat jarduera hartuko ditu.
Urrian, La Cámara del Libro de Euskadiko Liburu Ganbarak atondutako Liburu Zahar eta Aukerako Azokea egingo da Arenalean.
Era berean, urriaren 13an, Bilboko Udalak autortzea egingo deutso Gabriel Aresti idazle euskaldunari haren izena daukan Ipuin Lehiaketearen Sarien banaketan. Angela Figuera poeta bilbotarra be autortuko dabe.
Bilbao Izan
Bilbao Izan programak uriko ondare historikoa gogorarazo eta edegiteko ekimenegaz jarraituko dau. Holan, irailetik aurrera Txio ta Txio bideoen edizinoa bueltauko da. Era berean, urrian hasiko da Argazkineta proiektuaren zazpigarren edizinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!