Karrikan Zubiakek 8. deialdia kaleratu dau

Bizkaie! 2025-08-26 10:29   Kulturea

Euskal Herriko kaleko konpainia hasibarrientzat.

Karrikan Zubiakek 8. deialdia kaleratu dau euskerazko kaleko arteen arloan hasibarriak diran Euskal Herriko artisten sorkuntza eta hedapena sustatzeko. Deialdiaren barruan, 2026an sorkuntza-prozesuari ekiteko laguntza ekonomikoa jasoko dauen konpainia hautatuko da. Horren bidez, ikuskizuna 2027ko Umore Azokan estreinau ahal izango dau, baita birea egin be.

Oinarrietan jasotako erispideak beteten dituen konpainiek urriaren 8ra arte aurkez leikete proposamenak. Konpainien aurre-hautaketea urriaren 24an jakinarazoko da eta Gipuzkoako Dantzagunean (Errenteria), urriaren 30ean finalistekaz egingo diran hitzorduetan aukeratuko dabe konpainia irabazlea.

Karrikan Zubiak proiektuak 30.000 eurotik gorako laguntzak jasoten ditu sorkuntzea, prestakuntzea, bitartekaritzea, komunikazino eta erakusketarako. Horreez gan, bultzadea emongo deutse kale-arteetako konpainiei Euskal Herriko jaialdi eta programazino entzutetsuenetan birea egiteko aukerea emonda. Halanda ze, ikuskizuna erakusteko 10 hitzordu batzen ditu deialdiak.

Bestalde, Bitsa Konpainia, aurreko edizinoan hautatutakoa, haren hurrengo sorkuntza-lanean sartuta dago eta 2026ko maiatzean estreinauko da Umore Azokan. Ondoren, urte osoan zehar egingo dauen birea hasiko dau.

Karrikan Zubiak

Karrikan Euskal Herrian dagozen eta espazio publikoan testurik bako edo euskeraz jarduten daben Euskal Herriko talde, artista eta konpainia hasibarrien jatorrizko sorkuntzak babestu nahi dituan plataformea da. Karrikanen sartzen dira antzerkia, jantzea, zirkua edo formatu txiki edo ertaineko diziplina anitzeko ikuskizunak, sareko bazkideen edo kideen jaialdi eta programazino artistikoetan programau ahal izateko.

Proiektu horrek, bigarren urtez, Akitania Barria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko Euroeskualdeko hiritartasuna proiektuen deialdiaren babesa jaso dau.

Iruñeko Udaleko Kultura Saila eta Topada Fabrikea, kaleko arteen Iparraldeko fabrikea, dira proiektu horretako bazkide barriak, eta, era berean, beste bost bazkide nagusik osotzen dabe: Kaldearte Jaialdia (Gasteiz), Kalealdia Jaialdia (Bilbo), Le Mai du Théâtre Jaialdia (Hendaia), Umore-Azoka (Leioa) eta Antsoaingo kultur programazinoa.

Kide diran beste lau jaialdi eta udalerri be batzen ditu: Arrigorriaga, Lezo eta Kalerki Jaialdia (Zarautz), eta aurton, gainera, Errenteriako Kultura Kreatiboa gehitu jake. Bestalde, kide diran hiru egoitza ditu: Gipuzkoako Dantzagunea (Errenteria, Gipuzkoa), Garaion-Sorgingunea (Otatza, Araba) eta Zirkodomoa (Bagatza, Bizkaia).

Deialdiaren oinarriei buruzko informazino guztia hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu