Euskadik eskaintza kulturala indartu dau lehen seihilekoan

Bizkaie! 2025-08-18 12:16   Kulturea

11.000 ekitaldi baino gehiago atondu dira.

Andoni Iturbe.

Euskadiko kultura-programazinoak dinamismo handia erakutsi dau 2025eko lehen sei hilabeteetan: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11.306 ekitaldi kultural egin dira guztira (igaz baino % 7,45 gehiago). Kopuru horrek, batez beste, 60 jarduera kultural baino gehiago batzen ditu egunean, eta kulturearen arloan Euskal Autonomia Erkidegoa lurralde aktibo, plural eta askotariko bezela finketan da holan.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturbek datu horreen irakurketa positiboa egin dau: urteko lehen seihilekoan 60 ekitaldi kultural egin dira Euskadin. Horrek gure herrialdeko kultura-sektorearen sendotasuna eta bizitasuna islatzen ditu. Argi erakusten dau kulturak gure gizartearen ardatz nagusi izaten jarraitzen dauela, eta egunez egun kultura hori posible egiten daben profesional, kolektibo eta eragileei laguntzen jarraitu nahi dogu.

Aztertutako bost arlo nagusiek (kontzertuak, antzerkia, jantzea, bertsolaritzea eta erakusketak) joera positiboak islatu ditue ekitaldien bolumenean, euskerazko programazino-maila altuak (% 38) eutsiz eta dobakotasuna eta herritarren sarbidea nabarmenduta. Halanda ze, batez beste, zuzeneko arte-ekitaldien % 38 doban izan ziran, eta datu horrek erakusten dau, sailburuordearen ustez, kultura irisgarria dala gizartearen uniberso zabal batentzat.

Bizkaiak jarduera kulturalaren % 45,5 batzen dau; Gipuzkoak, barriz, % 38,9 eta Arabak % 15,6.

Txostena Eusko Jaurlaritzako Kulturearen Euskal Behatokiak egin dau, 2025eko urtarriletik bagilera bitartean Kulturklik plataforman argitaratutako ekitaldietatik hasita.

Kontzertuak

Kontzertuak izan dira ekitaldi mueta ohikoenak, guztizkoaren % 25a. 2.831 kontzertu egin dira (igaz baino % 3,4 gehiago). Nabarmentzekoa da egungo musiken presentzia handia (% 83). % 40 doban izan ziran eta % 14 kanpoko espazioetan.

Antzerkia eta zirkua

2.217 ikuskizunekaz, antzerkiak ekitaldi guztien % 19,6 osotzen dau (igaz baino % 2,6 gehiago). Antzerkiko ekitaldi horreetatik % 35,5 umeei edo senideei zuzenduta egon zan, eta ekitaldien % 31 doban izan ziran.

Jantzea

Nabarmentzekoa da jantzearen presentzia, 491 ikuskizunekaz (+%1,9) eta jarduera kulturalaren % 4,3 osotuta. Ikuskizunen ia % 60 jantza garaikidekoak izan ziran, eta % 30 jantza tradizinonalekoak. Ekitaldien % 59 inguru doban izan ziran, eta % 40 aire zabalean.

Bertsolaritzea

Bertsolaritzak euskal identidadearen ikur izaten jarraitzen dau. 531 ekitaldi egin dira, jarduera kulturalaren % 4,7. Ia ekitaldi guztiak doban izan ziran, horreetako asko espazio edegietan eta euskeraz.

Erakusketak

Lehen seihilekoan 725 erakusketa inaugurau ziran. Erakusketek gora egin dabe (ia % 2). Arte garaikidea izan zan genero nagusia (% 70,5) eta ondoren historia, etnografia eta arte ederren erakusketak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu