DAB eta Cielo rasO Konpainiak Edinburgoko Fringe Jaialdian izango dira
2025-08-18 08:46 KultureaAbuztuaren 19tik 24ra arte.

DAB eta Cielo rasO euskal konpainiek hainbat ikuskizun eskainiko ditue abuztuaren 19tik 24ra Edinburgoko Fringe Arte Eszenikoen Jaialdian. Mundu mailako kultur ekitaldi handienetariko eta garrantzitsuenetako bat da Fringe, eta urtero Edinburgon, Eskozian, egiten da, abuztuan zehar. Etxepare Euskal Institutuak Dance Basegaz, halanda ze, Eskoziako jantzarako zentro nazinonalagaz, dauen alkarlanari esker urtero euskal jantza konpainien presentzia bermatzen dau. Lankidetzak 2019. urtean hasitako Scotland Goes Basque euskal leihoari emoten deutso jarraipena. Sortzaileentzat arte eszenikoen nazinoarteko erakusleiho garrantzitsua da Fringe Jaialdia, bai ikusgarritasunagaitik eta baita nazinoarteko kulturgileekaz bat egiteko eskaintzen dituan aukerengaitik be.
Etxepare Euskal Institutuak, ADDE Euskal Herriko jantza profesionalen alkarteagaz alkarlanean, Fringe Jaialdian parte-hartzeko deialdia edegi eban 2024ko abenduan, eta, aurton, Dance Baseko programatzaileek Euskal Herriko konpainia profesional bi hautatu ditue: DAB eta Cielo rasO. Abuztuaren 19tik 24ra ibiliko diran konpainia horreek euren NŒUD eta Née lanak aurkeztuko ditue, hurranez hurran. Horrezaz gan, Cielo rasO konpainiako Igor Calongek jantza garaikideko ikastaroak emongo ditu Fringe Jaialdiaren barruan, jantzako profesionalei zuzenduak, Dance Baseren gunean, konpainiaren ikuskizun-egunetan 10:00etatik 11:30era.
Edinburgoko Fringe Jaialdian euskal konpainiek izango daben presentzia Basque Showcase izeneko programazino bereziaren barruan kokatzen da, Etxepare Euskal Institutuagaz lankidetzan. Basque Showcase horren helburua euskal sorkuntza garaikidea Eskoziako eta nazinoarteko programatzaile, kritikari eta sektoreko profesionalen aurrean ezagutarazotea da, eta horretarako, Etxepare Euskal Institutuak ADDEgaz (Euskal Herriko Jantza Profesionalen Alkartea) alkarlanean sustatutako deialdi baten bitartez hautatu dira bertan parte hartuko daben konpainia profesionalak. Holan, euskal sortzaileei nazinoarteko ikusgarritasuna eskaintzeko ezeze, hartu-emon profesionalak sendotzeko eta sorkuntza garaikidearen nazinoartekotzea sustatzeko helburua be badau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!